|
1.
Larrun 25. zenbakia (www.argia.com)
>
Artikulua
Luzaz
iraunen du euskaldun askoren oroimenean 1973ko Ostegun Santu hark.
Euskal erresistentzia armatuan ordurako mito bihurtua zen Txikia hil
zuten eguna. Eustakio Mendizabal Benito Polizia espainolaren tiropean
erori zen Euskadi Ta Askatasunako Fronte Militarreko bururik ezagunena,
garai hartako karismatikoena agian, apirilaren 19 hartan, Getxoko
kaleetan. Hogeita bederatzi urte zituen eta lau urte t'erdiko lan
klandestinoz euskaldun gazte belaunaldi oso baten erreferentzi puntu
izatera iritsia zen. Bere euskal senak, erakargarritasunak eta
ausardiak aparteko egiten zuten Txikiaren bizitzan aztarrikatzeak,
azken urteotako gure historiaren garairik interesgarrienetako batera
garamatza: ekintzaren poderioz ETA sendotze bidean jarri zenekora.
Azken urteotan Euskal Herrian sortu den fenomeno berririk
inportanteenaren, Euskadi Ta Askatasuna erakundearen unerik gogorren
eta aldi berean itxaropentsuenen erdian tokatzen da Eustakio
Mendizabal. Iparraldera ihes 1968an egin zuelarik, Burgosko auzi
famatua batetik eta Carrero Blanco Francoren gobernu burua hiltzeko
prestaketa lanak harrapatzen dituzte bere klandestinitate urteek.
Kartzela berriz Txabi Etxebarrietaren heriotzaren ondorioz antolatu
ziren meza haietako batengatik ezagutu zuen lehendabiziko aldiz.
Baina
Txikia ez dute kointzidentziek inmortalizatu. Askorentzat ETAren buru
Eustakio zelarik, berak ezarri zion aktibismoaren zigilua neurri handi
batean erakundeari. Behil kontsul alemanaren bahiketa, Huarteren
bahiketa, Carrero aireratuko zuen atentatuaren prestaketa... Baina
gainera herri xeheagan ere halako itzala lortu zuen, batzuetan
militanteei zerbaitetan laguntzen zionjendeagan, eta baita bere
ekintzak komentatzen zituen jende arruntarengan ere.
Che
Guevara euskaldun bat ikusi dute askok Txikiagan. Zumalakarregirekiko
zuen antza aipatu du zenbaitek. Beneditarretatik irten arren kristau
idealista izaten jarraitzen zuen gizona ikusi duenik ere bada. Dena
dela ere, bere pentsamendu politikoa inongo liburutan utzi ez zuen
gudari hark historian orri pare bat bederen merezi du. Telesforo
Monzonek kantatu zuen bezala "... gure haurrek biharko ikastoletan
beren izenak ikas ditzaten, Herriarentzat haiek hil baitziren".
ITSASONDOTIK LAZKAOKO KOMENTURA.
Itsasondon
jaioa zen Eustakio Mendizabal, 1944ko urriaren 9an. Joxe Mendizabal eta
Josefa Benitoren lau seme-alabetatik hiru Lazkaoko beneditarren
komentura joango ziren ikastera, garai haietan eta baita ondorengo
urteetan ere euskal herrietan usadio bihurtua zen moduan.
Mutiko
oso normal eta korrientea zela aipatzen dute Eustakio orduan ezagutu
zutenek. Txikia, isila, ikasketetan ez goitik eta ez behetik
nabarmentzen ez zena, eta kirolzale amorratua. Lazkaon 1954an sartu
zelarik, eta 1967an atera, esan liteke klero euskaldunak ezagutu duen
girorik "saltsatsuena" oso gertutik bizi izan zuela.
Horren berri ongi daki gaur egun Lazkaoko Euskal Eskolako zuzendari den
Dionisio Amundarain beneditarrak. "130 bat fraile eta frailegai bazen
urte horietan Lazkaon, horietatik hogeita hamarren bat mezadunak eta
hauetatik hogei bat gazte-gazteak. Eta tarte horretan euskal giroa
betea zen".
Euskaraganako zaletasuna komentuan piztu zitzaion eta bere
eskuetara erortzen ziren euskal liburu guztiak irensten omen zituen,
nahiz eta bere fraile lagunek aitortzen duten sekula ez zela
intelektual handia izan, baratzan lan egitea nahiago zuela.
Familiaren eragina ere ez da ahantzi behar. "Giro horretako asko
karlisten semeak ginen", diosku Dionisioren anaia Benitok, "eta hire
familiarekin hautsi behar duanean beste hari bati heltzeko krisi
batetik pasa behar duk. Eta a tope sartzen haiz. Esan behar da hala ere
ez zela hori Eustakioren kasua: bere aita beti izan da abertzalea,
gerra garaian ere".
60KO HAMARKADAKO ERNEALDIA KOMENTUETARAINO
ERE
IRITSI.
Eustakio baino zaharragoko beneditarrek beren kasa ikasten zuten
euskara, baina bere garairako klaseak baziren eta antzerkiak ere egiten
zituzten. Hala ere ez zen komentu barruko giroa erabat euskaltzalea
izanen. Bazkari garaian liburu baten irakurketa entzuten zuten fraileek
(gaur egun ere bai, antza), eta Eustakiok euskarazkoak sartzea lortu
zituen bezain agudo kenduarazi omen zuten beste beneditarrek.
Berak segitzen zuen, hala ere, bere kasa eta inguruko institutu eta
ikastetxeetako mutikoentzat (mutilentzat bakarrik) klaseak ematen
zirenez Txikiak euskara eta dotrina edo historia ematen zuen, euskaraz.
Bitartean ordea, 60ko hamarkadan kalean giroa pil-pilean
jarria
zen. Gazte eta langile mugimenduak indarrean zetozen. Juventudes
Obreras Catolicas (JOC) langile aldera gehiago makurtua,
internazionalismoz eta bestez kezkatzen zena, batetik, Herri Gaztedi
bestetik, nazio arazoari haboro lotua, euskara dela eta abar.
Hirugarren bat ere bazebilen, Vanguardia Obrera Juvenil, jesuiten eta
Comisiones Obreras-etatik hurbil eta ELAtik urrunago.
Gero ETAren fenomenoak sortzen zituen dinamika guztiak
zeuden,
propaganda bezala bilerak eta azken finean hildako militanteen aldeko
elkartasuna ere bai denborarekin. "Gazte pila bat inguratzen zen
Lazkaora", dio Dionisio Amundarainek, "eta multikopista ere hemen
zegoen. Sekulako arma zen garai hartan multikopista".
ETXEBARRIETAREN HERIOTZAREN ASTINDUA.
Baina
kanpotik ikusten zen baino gazte gehiago zebilen "zerbaitetan". Eta
Pardines guardia zibila hil ondoren inguratua zegoen Tolosatik atera
nahian Benta-Aundin ETAk bere lehen militantea galdu zuenean, Txabi
Etxebarrieta, espero ez bezalako mugimendua sortu zen herriz herri.
Etxebarrietaren aldeko mezak.
Lazkaon ere antolatu zen elizkizun bat eta meza garaian Irun aldetik
etorrita "Guerilleros de Cristo Rey" talde eskuindarreko sail bat
azaldu zen elizan. Korura igo eta handik ari zitzaizkien protesta modu
hartara agertzeko ausardia izan zutenei "!Cabrones!" eta "!Maricones!"
oihuka. Bitartean, koru bazter batean beldurrez akabatzen zegoen fraile
batek hots bat entzun zuen bere alboan: dorrean ikurrina jarrita
jaisten ari zen Eustakio.
Hilabeteko egonalditxo bat egin behar izan zuen Eustakiok
Martuteneko espetxean, meza haren ondorioz edo manifestaldiren batean
parte hartzeagatik Gobernu Zibilak ezarri zion multa ez ordaintzearren.
Eta Martutenen ere euskarazko klaseak ematen.
Handik aurrera gutxi iraun zuen Lazkaon Eustakiok, eta urtebeteko
esperientzia egitea eskatu zuen komentuan, teologia ikasketak ia
bukaturik meza emateko gutxi falta zitzaionean. Bilbon lana aurkituta,
han aritu zen untzigintzako lantegi batean, Franco-Espanolan, 67tik
68aren hasiera aldera arte. Jada frailetza utzirik, Beasaingo tailer
batean sartu zen lanean, eta aldi berean Magisteritza ikasketei ekin
zien.
Baina
adiskide bat atxilotuta, laster azaldu ziren bere etxera poliziak. 24
ordu eduki zituen poliziak zain etxean, alferrik: juxtu-juxtu alde
egina zen.
EMAZTEA, HAURRAK ETA ELIZATIK EZ PASATZEA.
Beneditarrek Estibalizen duten komentuan egon zen denboraldi batean
ezkutatuta, Bidasoa zeharkatzeko aukera bat aurkitu zuen arte. Eta han
Beloke-ko komentuan pasako zuen urtebete. "Ihesi zihoazenei", oroitzen
da Benito Amundarain, "mantenua eta lo egiteko lekua oso merke ematen
zieten Beloken, eta fraile ginenen, izandakoen eta sekula izan gabeen
artean koadrila bat osatzen genuen han". Eustakiok Beloken egindako
bost hilabeteetan makina bat errefuxiatu ezagutu zuen, haien artean
gaur ELAko lehendakariorde den Leunda bera ere bai.
Baionan aurkituta laster jarriko zen hango txapitula batean bizitzen,
beste lau iheslarirekin. Gaur egun Ipar Euskal Herrian dauden
hegotarrei frantses administrazioak gorriak ikusarazten badizkie,
orduan ere beren egoera ez zen batere erosoa. "Charte de Travail" nekez
ematen zieten eta lanez aldatzen jardun behar izaten zuten sarri
askotan. Gose grebetako argazkietan aurkitzen dugu Txikia.
Han jarri zen bizitzen Ondarroako neska gazte batekin, Anabel
Zubikarairekin. Ez ziren hala ere elizatik ezkonduko, erabaki horrek
inguruan istilu ugari sortu arren, eta beren bi haurrak ere, Matalaz
eta Ekaitz, Euskal Herrian bataiatu gabe pasatzen ikusi diren
aurrenetakoak izan ziren.
Horrela utzi nahi zuen argi eta garbi erlijioaganako bere jarrera,
geroztik ere kristau izaten segitzen zuela uste dutenei arrazoia kenduz.
ZATIKETAREN ONDOREN, ETAK IA HUTSETIK HASI
BEHAR.
ETAko "mili"en nukleoa osatzen zutenek Donapaleu inguruko herrixka
batean lantegi ttiki bat zuten eta haiekin bizitzera joan zen Eustakio.
Iparraldea ongi ezagutzera iritsi zen eta hango abertzaleek gogoan dute
oraindik ere bere gabardina berdearekin eta askotan mobilette batean
ibiltzen zen Txikia.
Bi aldiz atxilotu zuen polizia frantsesak, bietan muga inguruan eta
bietan arma zuela. Bigarren aldian kartzela ere ezagutu zuen eta Paueko
auzitegiak aske utzirik, bi hilabete etxe batean ezkutuan egon ondoren
Hegoaldera pasa zen. Handik laster eroriko zen.
Hegoaldean bezala Iparraldean ere euskaldun jendea lanean jartzeko
nortasun oso berezia omen zuen. "Isiltasunaren izaria zuen", esplikatu
digu borroka armatuan bezala bizitzan ere Eustakio hainbeste ezagutu
zuen Jose Manuel Pagoaga "Peixoto"k. "Garai bateko euskaldun zaharraren
hitz egiteko manerak, arrabotsak eta denak, oso ongi gordetzen zituen.
Jende nagusiarekin izugarrizko berezitasuna zuen. Areago, esango nuke,
garai hartan Erakundean ezagutu dudan gu baino hamar-hamabost urte
gehiagoko jende guztia berak ekarria zen".
Eta jende behar handia zuen ETAk. Behar hori betikoa bada, aurreko
erorketez gain Vl.ekoekin izandako tirabirek eta zatiketak erakundea ia
hutsetik hastera kondenatu zuten. Gero "minos" marxista-leninistetan
eta "mayos" (gehiengoa osatzen zutelako) troskistetan zatituko ziren
"sesta"koen alde egiteak ia bakarrik utzi zituen fronte militarrekoak.
Miliek egin behar izan zuten apostuaz oroitzen da Txikiaren garaietan
liberatu ibili zenetako bat. "Pentsa ze nolako kritikak jaso zituzten
Behil kontsul alemana bahitu zutenean (Burgosko auzi famatuarekin
lotuta egin zen bahiketa hau auzipean zeuden preso batzuek
kondenatzeraino), Huarteren bahiketa egin zutenean. Ilala ere arriskatu
egin ziren eta aktibista minoritario batzuk ez zirela erakutsi zuten;
sistema izan baitzen eta ez herri mugimendua kolpea jasan zuena. Eta
asmatu egin zuten."
"PUTO MILI" MESPRETXUAREN ERDIAN EUSTAKIOREN
PRESTIJIOA.
70eko hamarkadako liberatuen lanak ez ziren gaur egunekoen antzekoak
izanen, erakundea bezala egoera ere oso ezberdinak zirelako. Aipatu
dugun liberatu-ohi horrek esplikatzen digu. "Agenda bat zenuen, eta
hilabetean hainbeste aldiz taldeak zeuden puntuetatik pasa behar
zenuen, kontaktoak egin, taldeei material teoriko eta logistikoa
pasatu, azaltzen ziren arazoak konpondu eta abar. Gero eskola sozialak
ere hor zeuden".
1966-67
urte horietan indarrean ibiliziren Eskola Sozialak, eta 71ean berriro
hasteko saioak izan ziren, baina krisian zeuden, ETAk zekarkien
krisiaren erdian. Ideia politikoen historia, materialismo dialektikoa,
materialismo historikoa, ekonomia eta horrelako gaiak ematen ziren
Eskola Sozial horietan.
Krisian zegoen ETA eta neurri handi batean horren sustraian langile
mugimendutik zetozen militanteek "mili"enganako zuten konfiantza ezean
zetzan. Debate ideologiko eta politiko oso bizien erdian, "mili"aren
figura mespretxagarria izatera iritsi zen zenbait giro ezkertiarretan.
"Seigarrenekoek tipo bat hondoratzeko 'puto mili' deitzen zioten",
diosku gaur egun Hegoaldean bizi den militante-ohiak. "Eustakiok eskema
hori hausten zuen, ez baitzen "puto mili" ezjakin bat, klase zapalketa
kontuan hartzen zuen, Fronte Obreroa bultzatzea proposatzen zuen..."
TOLOSALDETIK IRUNERAKOA ZEN BERE ZONA.
Aparato
militarra Eustakiok pertsonifikatzen zuen barruan lanean ari
zirenentzat. "Nik esanen nizuke askotan bera zela eztabaida batean
balantza definitiboki makurtzen zuena". Askotan izakera hutsez
ingurukoei erasten zien konfidantzaz. Eta berak ikusi zuen anekdota bat
kontatzen digu erakunde militarreko liberatu ohiak.
Preasamblada edo biltzarraurre batean langilegotik zetozen militante
batzuek aztergai bezala puntu bat proposatu, zuten: borroka armatuaren
beharra onartzen da baina momentu batean masei subordinatu behar zaio,
edo behar izanez gero baita geratu ere ekintza armatuak.
Erakundean indar handia zuen batek aurpegi oso ona ez omen zuen
jartzen. Eustakiok lasaitu omen zituen gauzak: "Hi... Iasai. Egun
batean hauek geldirik egoteko esaten badigute, geldituko gaituk. Bi
aldiz, baita ere. Hirugarren aldiz ere bai. Hortik aurrera, ikusiko
diagu".
Baina Txikia ez zen direzioko gizona bakarrik, ezagutzen duten gehienek
"barruan" (Hegoaldean) egindako lan eta ibileretatik ezagutzen dute.
Tolosaldetik Irunerainoko zona zen berea. Erresistentzi borrokaren
ardatz erakunde militarra jartzen bazuen, dinamikaren aintzindari
izanen zen foko bat behar zen.
Eta
bere zonaldean hori lortzen saiatu zen. Ekintzarik sendoenak ere zona
hartan egin ziren, eta zenbait ekintzatarako (Donostian sindikatu
frankistaren egoitza erre zenean, adibidez) beste eskualdetakoak ere
haruntza biltzen zituen Eustakiok.
CHE GUEVARAREN LAN GUZTIAK BERE LIBURUTEGIAN.
Borrokarako nukleo bat indartze saio horretan bere bailaran fronte
banaketa klasikoa puskatu egin zen. "Hi militantea haiz, lan hauek
zeudek eta punto", kontatzen du garai hartan Donostia inguruan
funtzionatzen zuen batek. "Eta horrela lortu zen greba orokorrak
antolatzea, Orbegozoko greba eta abar".
Peixotoren ustez, eta Txikiak planteamendua teorikoki ez zuela
formulatua aitortuz, KAS txiki bat antolatu zuen eskualde horretan.
ETAren estrategia ere ez zegoen gero bilakatuko zen bezain koerente eta
garbitua. Eta kontzepzio taktiko bezala ikusten du Peixotok.
Baina hori horrela ulertzeko motibu bat badu Arrasatekoak: bere
liburutegia ezagutzeko aukera izan zuela.
Txikiaren
etxean, honako liburuok aurkitu zituen Peixotok: Che Gevararen obra
konpletoak, Clausewitz-en "La Guerra", Orixek idatzitako "Santa Kruz
Apaiza" eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak.
"Baina
bere jokamoldea ezagututa", dio Peixotok, "garbi iruditzen zait oso
ondo ezagutu zuela Zumalakarregi eta bere taktika hautatu zuela, ez
estrategia, bere taktika". Mao Tse Tung-ek ere irakurria omen zuen
Londresen Zumalakarregiren bizitza. Eta Zumalakarregiren gerrari
ekarritako berrikuntza ez zen izan batzuek dioten bezala gerrilla
egitea. "Zumalakarregi izan zen gerrilla ejertzito erregularrarekin
organikoki erabili zuen lehena. 25.OOO gizon erabiltzen zituen".
ZUMALAKARREGIREN ETA TXIKIAREN ARTEKO
KOINTZIDENTZIAK.
Ez da hori Jose Manuel Pagoagak Txikiari Zumalakarregirekin aurkitzen
dion antza bakarra. Gainera, biak hil ziren Bilbo aldean eta biak
Madrili erasotzeko dirua Bilbon aurkitu beharra zutelako. Jakina da
Zumalakarregik Madrila joan nahi zuela, gerrako ekilibrioak karlistek
eraso hori egiteko egoki samarra zirudienean, baina Don Carlosek agindu
zion beharrezkoena Bilbo hartzea zela, hura hartuta bai zelako posible
Madrili ekitea.
"Txikiak ere ez zuen Bilbora joan nahi. Eta hala ere haruntza egokitu
zitzaion joan beharra. Madrilen jotzeko azpiegitura sendoa behar da eta
garai hartan ari zen ETA Altos Hornosko atrakoa prestatzen. Bera arizen
horretan beste batekin eta ez zitzaien detaileren bat edo beste baino
falta, ihes egiteko kotxe bat lortu eta detaile batzuk. Eustakio hil
eta laster egin zen atrakoa. Carreroren bolatzea ere orduan zegoen
planteiatua".
Antza guzti horien sustraian Eustakio Mendizabalen jatorria ikusi behar
da: herri txiki batekoa, baserri girokoa. Hori ageri da ezagutu zutenek
kontatzen duten hainbat anekdotatan. Izakera isilekoa, eztabaida batean
ez zuen parte hartuko beste guztiek esandakoak bazterretik entzun arte.
"Baina ehiztari edo menditar izakera denetan zuen. Erreka -Bidasoaz ari
da, noski- pasatzerakoan ere zulo batean ezkutatuta katu baten tankeran
egongo zen eta halako batean, inguru guztiak ongi erreparatuta, korri!".
NON DA MENDIA. Mendiari urte
haietan eman
zitzaion garrantzia ere bide beretik doa. Gordeleku eta biltoki bezala
lehen ez bezalako inportantzia eman zitzaion mendiari, basoari, -ETAren
zuzendaritzan asko giro horretakoak zirelako.
Mendian ziurtasuna. "Edozein lekutara joan, eta lehendabiziko gauza:
non da mendia? Bilbo aldera joan ginenean ere, hi, eta ihes egiteko
nondik? Eta, begira: hango mendi haietatik gainez-gain Gorbeiara
iritsiko haiz. Handik aurrerakoa badakik".
Hiri handiek sekulako beldurra ematen zieten gizon haiei
klandestinitate lanerako. Beste batzuek aldiz, urteen buruan ETAren
buruzagitzara iritsiko zen Jose Migel Benaran "Argala" adibidez,
primeran mugitzen ziren hirietan. Baita Madrilen ere, herri
txikiagoetan baino han lan egitea askoz ere errazagoa zela esaten zuten.
Txikiak,
dena dela, mendirako dohain izugarri bat zuen, Euskal Herriko mendi
gehientsuenak ezagutzen zituelarik, eta gorputz oso gogortu bat. Duela
gutxi , gutxi GALek jarritako bonba baten ondorioz hil den Tomas Perez
Revillagatik esaten dute botak erostera joanda esan ohi zuela: "Dame
unas botas, pero como las de Eustakio, con motorsito".
Mendiarekiko eta basoarekiko maitasun horretan frailetzatik pasatako
beste askoren kide ere bada, eta Gandiagaren poemak irakurri besterik
ez dago. Hor lotu beharko da Teillard de Chardin batek bere obrarekin
Elizan bezala gazterian garai batean izandako eraginarekin.
TXIKIA EUSKALTZALE ETA POETA. Eta
euskara zen
bere bizioa. Bere emazte izan zen Anabelek dio denbora librerik hartzen
bazuen euskarazko liburuak irakurtzeko zela. Berdin Axular bera.
"Ezagutzen duzu hemen Ondarroako kaleetan egoten den giroa, poteoa,
gauetako giroa eta abar. Eta Eustakio berriz ez zen sekula irten zalea".
Euskara pilo bat irakurri zuela bere poemetan ageri da. Bizkaiko bezala
Iparraldeko aportazioekin, bera hil eta geroago finkatuko zen euskara
batura asko urreratzen da. "Ama, txukatu negarrak"
bertsoak irakurri besterik ez dago.
Penagarria da dena dela bere idatziekin suertatu dena. Bere oroimenean
beneditar izan zen garaian idatzitako bertsoak biltzen dituen
koadernillo bat eta "Olerti" aldizkarian argitaratutakoak baino ez
zaizkigu geratu. Beste mordo bat ere bazen, eta interesgarrienak seguru
aski, klandestinitate lanean zebilenean idatzitakoak. Baina bere
biografia eta lanekin liburu bat egin behar zela eta bildu ziren
material horiek guztiak galdu egin dira. Horien aztarnarik ateratzeko
egin ditugun ahalegin guztiak alferrikakoak suertatu dira, tamalez.
Euskararen borroka ez zen, ordea, bere borroka pertsonal gisa bakarrik
planteiatzen, eta ETAko zuzendaritzan egoteko jakin beharreko baldintza
suertatu zen. "Orduan aurrean genbiltzenok euskal hiztunak ginen, hori
da asuntoa. Eta erdaraz berba egiten genuen Fronte Obrerokoak
zetozenean eta hola".
EHIZTARIEN INTUIZIOA. Orain arte
ikusitakotik
atera daiteke Txikiaren dohain nagusienetakoa: intuizioa. Bere
"usaina", ezagutu zuten guztiek aipatzen dute. Intuizio horrek salbatu
zion bizitza behin baino gehiagotan.
Baina aldi berean harekin lan egitea oso zaila zela diosku direzioan
ezagutu zuen batek. "Egun batean izugarri haserretu eta esan nion: `Hi,
Eustakio, hik ezduk hemen egingo nahi duana, entzuten duk?' Zuri-zuri
eginda zutitu zen... eta ez zuen ezer esan. Hutsa falta zitzaion
muturreko bat emateko".
Baina jarraitu genuen eta erabakia hartu. Beti izaten da
problema
noiz gelditu eta noiz hasi. Geldiuneak markatzea oso gaitza izaten da
beti, jendeak ez baitu geldirik egoteko gogorik izaten. Geldi egongo
ginela erabaki genuen orduan. Hurrengo egunean etxera joan ginen, jaiki
goizean eta galdetu nion bati: `Hi, Eustakio non jak-'. `E'txak'. `Non
kristo jak ba hori-'. `Papertxo bat utzi dik'. Ate azpian papertxo bat
utzia zuen: `Ene gizonak beha zeudek. Agur'. Nere haserrea!
Baina berriz zetorrenean oso ondo hartzen zen. Lehentasunak jartzen oso
zuhurra zen, eta argi ezagutzen zituen Erakundearen beharrak. Kasu
hartan, adibidez, eman dezagun kaxan hogei mila duro zeudela eta tipoa
bueltan hamar milioirekin etorri. `Joder, hi, kristoren batxetik atera
gaitxik' eta ezin gaizki hartu".
OBSESIO BAT: HERRIAREN KONFIDANTZA.
Estrategia
hasiera batean bederen erabat argitua eta zehatza ei zela ETAn orduan
zuzendaritza inguruan ibilitakoek berek aitortzen dute. Franco bizirik
eta sendo, ia hilezkor, ikusten zen garai haietan nola zehaztu
estrategia politiko batean printzipioetan azaltzen zena.
Bi
giderren inguruan ikusten du Peixotok Eustakio Mendizabalen bide
politikoa: abertzale izateko euskara behar da; eta nahiz eta abertzale
izan eta euskaldun, horren alde borrokatu, borroka erreal bat. Eta
berdin kritikatuko zituen espainolismo aldetik zihoazenak bezala
abertzale erradikal aitortu eta borroka dinamika batean sartzen ez
zirenak.
Guztiaren muinean berriz euskara. Behin talde batean galdetu omen
zioten: ea zein zen ETAren marko politikoa. "Gure borrokaren marko
politikoa- Hizkuntzak ematen duena".
Eta horrekin batera gizontasunaren printzipioa. Gizontasuna, zintzoki
jokatzea, Herriaren konfidantza lortzea. Bere obsesioa beti "Herria
konfidantza galtzen ari zaiguk" izaten omen zen. Itsasondotik ezagutzen
zuen eta geroztik ere traturik galdu ez zuen Inaki
Larrañagak
dioen bezala, edozein ekintzaren ondorengo betiko galdera zuen: "Hi,
eta zer esaten dik jendeak".
Erakundea zuloan zegoeneko garaiez oroitzen da Peixoto. "Gizon izan
beharra zegoen, arlo guztietan, Herriaren konfidantza lortzeko. ETAren
konstante bat izan da daraman urte mordoan: gauzak erreibindikatu,
nahiz eta kontrakoak izan, egia esan... ETAren kapitalik handiena gaur
egun bere sinesgarritasuna da".
EKINTZA AZKEN MUGETARAINO.
Kristautasunetik
apartatua bazen, marxista izatera ez zen iritsi, antimarxista sekula
izan ez bazen ere. Beharrik sentitzen ez zuelako. "Hemen aurrera
egiteko Herriak sentitzen duena egin behar da, hortik aterako diagu".
Militantzia oso estrikto batera zeramaten printzipio zabalak.
Eustakioren
denboretan azalduko zen gero ETAren historian hainbesteko pisua izango
zuen militante gaztea: Jose Migel Benaran "Argala". Hasieran militante
zaharrei dogmatiko iruditu zitzaien gazte hark emango zuen "Herriaren
alde hiltzea" filosofiatik aurrerako urratsa, beste bat erantsiz:
"Irabaztea".
Txikia, ordea, politiko baino ekintzaile zen eta oroz gainetik
erabateko militantea. Baina ez militante gogorra seguritatea "a
rajatabla" eramateagatik, edo bizimoduaren austeritateagatik bakarrik.
ETAren V. asanbladak jarritako fronteen planteamentua segitzen zen. Lau
fronte, eta laurak enfrentamentu biolentoa eskatzen dutenak. Eta lauen
artean borrokarik gogorrena armatua, nahiz eta oso ondo ulertu beste
batzuek beste lanak egitea.
Baina fronteak beretzat periferialak ziren, baita erakunde
armatua bera ere. Beretzat garrantzizkoena zentro bat egitea zelako.
Foko bat, dinamikaren aintzindari izango zena. Peixotok definitzen duen
bezala: "Zuzendaritza ez zuen egingo ideialak zituenak, dinamika zentro
hori eramaten zuenak baino".
"ETA GERO? BORROKAN HIL". Lan
handia egin zen
bost urte haietan, eta garai haietako egunkarien orriak dira lekukorik
onenak. Txikia etxean bezala ibiltzen zen batera eta bestera. Bere
gurasoek aitortzen dute askotan ikusten zutela pasatzen, batzuetan agur
eginaz, bestetan periodikoarekin aurpegia estaliz. Jende askok
ezagutzen zuen.
Ibilera hark nora zeraman bazekien, bestalde. Heriotzari ere usaina
hartzen baitzion Eustakiok. Benito Amundarainek kontatzen du nola egun
batez Donostiako Alde Zaharrean aurkitu zuen. "Baina zer habil hemen?".
"Badakik, ibili beharra zegok eta..." Eta aurreraxeago: "Hi, egunen
batean... bazekiat, nik horrela hil behar diat".
Joxe Manuel Pagoagak kontatzen du beste hau. "Ni ihes egin berria
izaki, eta uste nuen bizia arriskatu behar banuen nola irabaziko genuen
ere ikusi nahi nuela. Egun batean bere etxera joan eta galdetu nion ea
zer egin behar genuen. `Orain, kanpaina hau eta gero beste hura'. Eta
nik: `Eta gero?'. Gero halako eta bestelako. `Eta gero' eta segi; eta
halako batean: `Eta gero?' `Borrokan hil', horrela, ahotsik mudatu
gabe. Eustakio konturatzen zen garai hartan hil egin behar zela. Herri
bat ginela, askatu egin behar genuela eta... borrokan hil".
Baina aldaketak bazetozen. Eta aldaketa horretan ETAren sendotzea. Gero
eta ekintza anbiziotsuagoak eta arriskugarriagoak. Bilbon sartu beharra
zegoen, eta Eustakiok usain txarra hartzen zion. "Ni hemen ezagutzen
nautela esaten ditek, baina hau ere nik ondo ezagutzen diat. Baina
Bilbon zer, nora jo, nondik egin ihes?".
HAINBESTE BELDUR ZION BILBO MADARIKATURA.
Nahiko gertutik zebilzkion azken hilabeteetan poliziak. Azkeneko
eskapada, sekulakoa, Zumarragan egin zuen, eta suerte handi batekin eta
dena arriskatuz lortu zuen hango kanposantutik barrena ihesi ateratzea.
Baina Bilbora joan beharra zegoen. Carreroren operazioa martxan zegoen
eta beste batzuk ere zehaztu beharrean zeuden, karnetena eta Altos
Hornosko atrakoa esate baterako. Hala ere, azken eguna ongiena
berarekin ibili zen Peixotok konta dezake.
"Gauza da Eustakiok deitzen didala Bilbora, ezdakit zertarako. Jartzen
dit zita Errekaldeko taberna batean eta han elkartzen gara
hamar-dozenaren bat ilegal. Eta esaten dit nik berekin joan behar
dudala.
Ateratzen
gara taberna hartatik, kristoren multzoa, klaro, eta hor datoz bi kotxe
beltz, milkinientosak biak, bete-beteak. Ikusi genituen, dudarik ez
txakurrak zirela, baina ez ziren ausartu ezer egitera. Aurrera segi
zuten eta... bakoitza bere aldetik. Eustakio eta biok Matikora. Orduan
ezagutu nuen Matiko.
Etxe
batean sartu eta han bazkaldu genuen. Madrilgo komandoaren ordezkari
bat zegoen han, Carrerorena prestatzen ari zirenetako bat. Carreroren
ekintza ezeztabaidatu zen, eta baita karnetena ere. Eta seiretan
Algortako tren geltokian egoteko."
ALGORTA, ARRATSALDEKO SEIAK GELTOKIAN.
Seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da
Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin,
eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola
jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi
ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. Parean jarri naiz
eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'. `Ziur hago-'. `Bai, ziur nauk'.
`Bueno, goazen haruntza, ea segitzen gaituzten'. Eta haiek beti atzetik.
Jarraitu genuen, bueltan-bueltan, eta etxe baten portal ondoan geratu
ginen. Begiratu atzera eta ordurako denak linean zetozen, zabalean,
bidea oso-osoan hartuz, eskuak hola txaketan sartuta (bizkar zainen
ohizko keinuan). Eta Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho
ingurua zuri-zuri.
Bat-batean,
arnasa hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta
besteak atzetik tiroka. Lehenengo kolpetik distantzia hartu nion
Eustakiori; baina orduan ez du funtzionatzen buruak, nik uste,
instintoak funtzionatzen duela, eta frenatu egin nuen, berari itxoiteko.
Aurrera gindoazela korrika, berrogeitamarren bat metro egingo genituen,
eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki
baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean
eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz
Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka.
Behetik gora nire atzetik ikusi nituen, eta aurrera egin nuen
eskaileretatik gora, lehengo kale berera irten berriz, eskaratz batean
sartu eta txaketa bota, Garratzek emandako txaketa marroi bat, eta
irten egin nintzen.
Txaketa...
goizean errietan aritua nintzaion
Eustakiori: `Hi ere ba
haiz bada, Ostegun Santu eta erropa kabroi horiekin, txamardo alu
horrekin'. Bera ere ez zegoen bromatarako eta: `Hauek ere Ostegun
Santuan ibiltzeko arropak dituk'.
<>Kotxe
bat hartu eta etxe batera sartu nintzen. Eta kotxe hura semaforo batean
zegoela, orduantxe pasa zen anbulantzia bat Bilbo aldera. `Izorratu
haute, Eustakio' pentsatu nuen nere artean. Tiroteoa hasi eta
anbulantzia semaforotik pasatzen ikusi artean ez ziren bost minutu
baino asko gehiago pasako".
ETA-REN JAUZI KUALITATIBOA TXIKIAREN
GARAIETAN.
Biharamonean, ostiral sainduz, Txikiaren heriotza azpimarratzen zuten
egunkari guztiek. "El Correo Espanol-El Pueblo Vasco" egunkariak
adibidez hala titulatzen zuen bere lehen orria: "Eustaquio Mendizabal,
muerto a tiros al enfrentarse a la policia en Algorta. Era el maximo
responsable del frente militar de la E.T.A". Gainean norbait
engainatzeko bitxikeria bat: "La zona vasco-francesa espera con
ansiedad la entrada de Espana en la C.E.E. Bayona no estaria
arrinconada y su puerto seria ampliado. Guipuzcoa, Alava, Navarra y
Vizcaya podrian contar con el aeropuerto de Biarritz-Parme". Beste
egunkariek ere Eustakioren jefe izatea azpimarratzen zuten. "La Gaceta
del Norte": "Aqui murió el jefe de ETA".
Buruzagi nor den eta militante bakoitzak erakundean ze nolako pisua
duen jakitea ez da erraza izaten, klandestinitatea hain estu gordetzen
duen organizazio batean. Baina Txikiaren garrantzia nabarmen geratu da.
Areago, bere heriotzaren ondoren ekintzen beheraldi bat ikus daiteke.
Eustakio Mendizabal ekintzan ibili zen garaietan ETAk jauzi kualitatibo
bat eman zuen bere agerpenetan. Behil kontsul alemanaren bahiketa,
Zabalaren bahiketa (euskaldun bat bahitzen zen lehendabiziko aldia),
Huarterena, Sindikatuen erreketa, Orbegozo eta Pasaiko kamionetaren
atrakoak, Hernaniko harrobitik dinamita eramatea... Eta ekintza
gehienak Oreretatik Tolosarainoko eskualdean ematen dira.
TXIKIARENGANDIK ARGALARENGANA.
Txikiarengandik
Argalarengana Poliziaren taktikak denbora batez gainditurik edukitzeaz
gain, ekintzen azeleratzearen eragina alde guztietan antzematen zen:
langile mugimenduan eztabaidak sortzen ziren, Eliza konpromezu batean
jartzen zen gertakizunen interpretazio bat ematerakoan. Europa mailan
bestalde aparteko oihartzuna hartzen zuen euskal nazio arazoak, eta
kazetariak hurbiltzearekin batera solidaritate batzordeak hasi ziren
antolatzen han-hemenka. Beren laguntza 1975ean, Txiki eta Otaegiren
afusilaketen aurrean, erakusteko aukera izango zuten.
ETA militanteek garai horretan eman behar duten beste urrats bat aipatu
digu Txikiaren denboran militante izandako batek. "Heriotzaren
posibilitatea erreal bihurtu zen guretzat Eustakioren hilketarekin.
Polizia ere ikasten ari zen, eta Txikiaren eta bere ondoren etorri
ziren heriotzei erreparatzen badiezu, konturatuko zara atxilotzeko
ordez liberatuak hiltzeko ordena zutela".
Txabi Etxebarrietaren heriotzarekin kale mailan halako haserre
erreakzio gogor bat izan zen bezala, Txikiarenean pena eta ezintasun
sentsazioa zabalagoa izan zen. Mito baten erorketa. ETAren ekintzak
ere, kopuruz bederen, urritu egin ziren, erorketa eta heriotza gehiago
ere izan baitzen ondorengo hilabeteetan: Iparra, Artetxe... Baina bere
eragina kualitatiboki mantendu egingo zen, Carreroren boladura
famatuarekin punturik gorenetakoa harrapatuz.
ETAk izan duen beste gizonik inportanteenetako bat aurkituko dugu
berehala, Jose Migel Benaran Ordenana "Argala", Itsasondoko semearen
aldean erabat ezberdina. Baina hark bezala erakundeari dinamika eta
abiadura azkarrak erantsiko dizkiona.
Gatzaga Taldea
>
Bertsoak
Eustakio
Mendizabal Txikiaren
bertsoak
Eustakio Mendizabalek artean Lazkaon zegoela idatziak dira bertsook,
eta geratzen zaizkigun berrienetakoak. Badakigu gero ere segitu zuela.
Pertsonalki asko eboluzionatu zuenez, langileei jarri zizkiela dakigun
bertso batzuek adibidez asko gustatuko zitzaigun ezagutzea, eta bere
klandestinitate garaietako beste hainbat ere bai. Denak bildu eta gizon
jakin baten eskuetara joan omen ziren, egunen batean argitaratzekotan.
Orain inork ez du haien aztarnarik ematen. Betirako galduak direnik ez
genuke sinistu nahi.
AMA, TXUKATU MALKOAK
Aralar mendi txit gandorrean
Ama Euskera nekusan,
arratsa bezin goibel, negarrez
umetxo bateren gisan:
biotz-barrengo negar-zotinak
ezin zituala jasan...
"Zer duzu, Ama?" galdetutzean,
onelatsu zidan esan:
"...Zeruetako Jainkoak naita
milla urte anitz dira
Euskal-erriko lur done ontan,
sortu nintzala argira.
ainbat gizaldi ondorenean,
gaur-egun seme, begira...
seme-alaben burla-ixekak
naramate il-obira!
Ikastol eta eliz askotan
atea didate itxi:
atzerritarrak ta seme askok
lapur bat antzo ezetsi!
Nere izena apaldu arte
iñoiz ezin dute etsi...
Zer egin diet etsai bezela
ainbat nazaten gaitzetsi?
Izkuntz arrotzak dira nagusi
mendi, enparantz, kalean...
irrati eta aldizkariak
datoz erdera elean.
euskera ortxe baso, sukalde,
txoko apalki batean...
Mamur ta mintzul, ezin besterik
ke, negar, zotin artean.
Azken gudate ondorenengo
hogei ta sei urteetan
erderak arro dabiltz, erronka,
zazpi Euskal-errietan.
Ni berriz emen, sorterri bertan,
bizi-arnas azkenetan...
sukal-txokoan negar egiñaz
ation-amon mingaiñetan!
Euskal-erriko bazter denetan
atzerrian antzo nabil...
ez-ezagunen artean aur bat
beziñ apal eta ixil!
Ene burua gara ez dediñ
ba-ditut milla maratil...
Gaiztagiñai lez, arrano begiz,
etsaiak so ditut urbil!
Erdaldun dira mendi-zaliak
eta hamaika sukalde!
Bereaz aztuz erdal-izkuntzaz
asko itsuturik daude.
Aberri eta euskal-izenak
guziz zaie arrobide...
ta antziñako oitura zarrak
oro nai lituzke gorde!
Euskal-erria gorde nai dute,
eta nik damaiet lotsa...
Seme-alabak ola ikustea
Amarentzat zein mingotsa!
Aberri-muiña galdu ezkeroz,
zertarako dute kutxa,
azalez eder izanda ere
barrendik bai dago utsa?
Euskal odola daramazu ta,
zeranez ene soin-atal...
aur-adiñetan artu zendunez
neregan atseden-magal...
ainbat oztopoz etsai artean
bein betiko ez nadin gal...
ai, seme laztan, lasterren laster,
enegaz zaitez urrikal!
Aberriaren muiñ ta oiñarri
ni naizela zaitez oroi,
ta ez nazazu luzaro utzi
izkuntza arrotzen morroi!
Ene burua goratutzea
ziñez nai ba'duzu, otoi,
buru-belarri biur lanera,
oraintxe bai duzu sasoi"
"Ai, Ama kutun! Erantzun nion,
itzali zazu negarra!
Ortz-illunean ñirñir bai dago
oindik itxaron-izarra.
Askok baztertu ba'zaituzte're,
zu zaitugu, izkuntz zarra,
ele denetan, biotz-niniaz
maitatzen dugun bakarra!
Etzazu geigo zure negarraz
samindu euskal gogoak...
Negu otzari jarraiz bai datorz
denbora obeagoak.
Zeru goi-goitik esku luzatuz
oro dezaken Jainkoak,
loraz jantziko zera berriz ta
AMA, TXUKATU MALKOAK"
>
Iritziak
"Txikia"
hil zutenetik 25
urte pasatu direnean, bera gertutik ezagutu zuten zenbait pertsonen
iritzia bildu dugu.
Artikuluen gainean edo "Txikia" eta bere pentsamoldeari buruz
norbaitek iritzirik eman nahi badu, leiho hau bederen zabalik du.
Baleren Bakaikoa
Joxe Mari Ostolaza "Xalbardin"
Joxe Manuel Pagoaga "Peixoto"
Beste Iritziak
Txikia
Baleren Bakaikoa
Eustakio Mendizabal Benito, "Txikia" oso ezaguna egin zen Euskal
Herrian, hirurogeita hamarreko hamarkadan, ETAko militante eta buruzagi
bezala, hain zuzen, ETA eratuta zegoen Fronte Militarreko buruzagia
izatera heldu zen eta eginkizun honetan ekintza ikusgarri ugari burutu
zituen. Ekintza horien artean, garrantzitsuenak, Huarteren bahiketa eta
Hernaniko harrobian burututakoa ditut gogoan. Ekintza horiez gain,
zenbait ihesaldi ikusgarri ere egin zituen, Zumarragakoa adibidez,
jende askok bere baitan eta lagunen artean txalotzen zituelarik
honelako gertakizunak.
Euskal Herrian erraz ibiltzen zelako eta bere itxura bizartsua zuelako,
gerrilari karlistekin lotu zitekeen Txikiaren izakera. Eta honela
hartzen zuten garai hartako ETA eta inguruko bere zenbait burkideek.
Baina oker zeuden honela pentsatzen zutenak, zeren eta Txikia gerrilari
izan aurretik kultur gizona baitzen, euskal kultura sendoki barneratua
zeukana, abertzaletasuna kultura eta hizkuntzan erro-errotik sustraitua
zuena. Euskal Herriak zituen oztopoak bere nortasuna garatzeko
kezkatzen zuen eta ataka hori gainditu nahiean sartu zen gerrilari eta
Juan Jose Etxabek izan zuen buruzagitza ausarta eskuratu zuen.
Txikiaren heriotzaren garaiko giro politikoa, abertzale ikuspegitik,
aurreko urtetakoa baino hobeagoa zen, hots, 1970, 1971 edo 1972koa
baino hobeagoa. Ideia abertzaleak eta sozialak sendotzen ari ziren eta
iadanik ezin zitekeen inola ere mantendu identitate faltsu hori:
abertzalea berdin burgesa, honen atzean dauden ondorio guztiekin. Izan
ere, Burgosko Epaiketan sortu zen nahasketa ideologikoa gainditurik
zegoen eta ezker abertzalea Francoren aurkarien arteko nagusiena zela
nabarmentzen zen, eta indar hori ETAren inguruan txertatuta zegoen.
Garai hartatik aurrera, nahiz 1974ean ETA bi adarretan banandu, ezker
abertzalearen planteamenduak irmoki kokatuta zeudela esan dezakegu,
sustraiak ondo ezarrita.
Eta eginkizun honetan garrantzi handia izan zuen Txikiak. Berarentzat,
herrian, (orduko terminologian) ideologia abertzalea hedatu behar zen
lau haizetara. Hori dela eta, ahal zen herri guztietan, Goierritik
Kostaldera bitartean gazte-talde ugari sortu ziren eta hauekin lana
egin behar zen nazio-identitatea berreskuratzeko eta honela nahi
zutenak ETAren militante bihurtzeko. Txikia ez zen eginkizun honetan
aritzen, baina horretarako ahal zituen bitartekoak eta aholkuak emango
zituen; euskal langileriak ere kezkatzen zuen eta beraz, langileen
arazoak ez zituen saihesten.
Bestalde, badago, egon ere, beste ezaugarri garrantzitsua Txikian eta
gaur egun azpimarratu behar dena. Hain zuzen, ETAk burutzen zituen
ekintzek jendearen artean zuen eragina jakin nahi izaten zuten. Jendeak
ekintza onartzen bazuen, ondo, eta alderantziz bazen, gauzak ondo
pentsatu behar ziren. Ekintza militarrek jendea erakartzeko izan behar
zuten, ez jendea uxatzeko. Hau da, azken finean, ekintzak euskaldunen
indarrak metatzeko burutu behar ziren, ez jendea beldurtzeko edo pasota
bihurtzeko, edo "etxera" itzultzeko.
Horrez gain, ekintza militarrak egiterakoan Txikiak bere burkideak
babesten zituen eta horretarako babesa eta konfidantza ematen zien,
baina zailena dena ere ondo egiten omen zuen, hau da, erretirada edo
ekintzaren ondoko ihesa.
Halaber, Txikia euskalduna zen, euskara ondo menperatzen zuena. Landua.
Hori dela eta, euskaldunez inguraturik egongo zen eta hauen artean
"arraina uretan bezala" ibiliko zen. Bere lagun gehienak eta hurbileko
burkideak euskaldunak ziren eta hauek konfidantza osoa ematen zioten
eta berari ere konfidantza zerion gorputzeko poro guztietatik. Eta hau
honela izatea garrantzi handikoa da pertsona baten psikologian.
Hala ere, honek ez du esan nahi euskaldunak ez zirenekin konfidantzarik
ez zuela. Izan ere, garai hartakoa dira Wilson, Argala, etabar, eta ez
ziren euskaldunak, euskara ez zekiten kalekumeak baizik. Ausartak eta
abertzaleak, baina beste kutsu batekoak, hiritarrak. Beraz, horiekiko
konfidantza ahulagoa zuen eta hauek ere Txikia pertsonai arraro bezala
zeukaten.
Hauek dira Txikiari buruz esan ditzakedan gauza batzuk. Txikia, bizi
zenean mito bilakatu zen eta bere heriotza ostean, badirudi gehiegi ez
garela oroitzen. Agian, "Che"rekin gertatzen ari den bezala, Txikiari
ere etorriko zaio garaia bere pertsona erreibindakatzeko eta bere
ekarpenak hobekiago ezagutzeko.
Euskarak ematen duena
Joxe Manuel Pagoaga "Peixoto"
"Egun xintak gaua dakar". Hemen ezin dut ezer esan Eustakiotaz, bide
berdinean bota dizkiguten Ondarrutarrak aipatu gabe: Angel Etxaniz,
Fran Aldanondo, Jesus Mari Zubikarain ‘Txisa’,
Esteban Muruetagoiena,
Koldo Arriola, Imanol Lersundi ‘Porru’. "Baina
herio guziek ez dute
erran nahi berdina". Ez horixe! Esteban Muruetagoiena torturatuz hil
ziguten eta.
Txikiaren oroitzapenak ez naute bakean uzten, alboan izango banu, hauxe
esango zidala, ziurra baita da: "norbait omentzekotan, Herria omendu
beharra zeok hemen". Elkar bizitzan askotan eman zion bezala,
oritzapenezko elkarrizketa honetan ere, arrazoina emango diot; beraz,
goraintzi eta ohore Ondarroari eta horrelako ekimenetan eskuhartzen
duten guziei.
Honelako ekintzek ederto laguntzen gaituzte, lagun horien oroitzapena,
bihotzean daramagun udaberriaren erdi-erdian kokatzen, negu gorrian ere
berotan egon daitezen; bide batez, ondo etortzen zaigu, etsaiek egin
dizkiguten zauriak gozatzeko, eguneroko neke eta ezinak arintzeko,
elkar besarkatuz indar berritu eta aurrera jarraitzeko.
Euskaraz biziz, behar den bezala arrantzatuz, umeak eginez, haziz eta
euskaldungoan heziz, kartzeletan ditugun lagunak Euskal Herriratzeko
ekintzetan eskuhartuz... Horrela, egunero omentzen dugu Txikia eta bera
bezala bota dizkigutenak. Hau guzia ez da egiten parlamentuetan, ez eta
jauregietan. Hau gure sukalde lurrinduetan egiten duguna da. Garruzeko
beraien sukaldean, oraindik ikusten dut Eustakio, Matalaz txikia
besoetan, harat-honatean apalki bertso kantari. Zer, umea lokartzen?
"Ez, esnatzen ari nauk", erantzun zidan. Bertsozko olatuetan
kulunkatuz, mundua erakutsi nahi zion haurrari.
Ba ote da Ondarroan gizon edo emazterik, horrelako zerbait egin ez
duenik? Nork esnago zuen, arrantzale kankailu hura, horrelako aita
goxoa izan zitekeela? Bai ba, horrelaxe da. Bainan, horrelakoak ez al
dira berdintsu gertatzen munduan? Baita, bainan, hemen euskaraz egiten
ditugu, euskararen mundukoak garelako. Horrelakoak erderaz egiten
dituena, beste mundu batetakoa da, berak jakin behar luke nongoa.
Bi mundu hauek, etengabe elkar jotzen dute. Hemengo auzia ez
da
zer mundu den ona ala txarra jakitea. Batak bestea ukatzen duela, hau
da arazoa; eta jakina, ukatzea gauzatzeko, indarra behar da, eta
erderek badute indarra, ez dute bonbatxoak jartzen ibili beharrik,
hegazkinak dituzte eta, indarrak sortzen ditu arrazoiak...
Arrazoiaren indarra edukitzea ez da gutxi, aski ere ez. Herri
hau
iantzakotzat hartu eta bere gogoa errespetatzeko borondatea azaltzen ez
duten bitartean, ez dadila inor etorri demokrazia irakasle, ez eta pake
apostolu, ez eta tolerantzia hedatzaile, ez eta pragmatismo
aintzindari, ez eta... Jakin bezate, zinismoak iguina ematen digula.
Ongi etorriak, gatazkari aterabide zuzen eta duin bat aurkitu
gogoz dabiltzatenei. Nondik datozen baino gehiago, zerekin datozen
begiratuko diegu, eta batez ere, zer egiten duten Zintzotasunaren
ezpain zorrotzean ez dago jolas egiterik. Gure aldetik, ez dugu
ahantziko, Aita Larzabali hamaika bider entzun geniona: "Gure gaurko
tratu txarrak, bihar gure umeentzat negarrak". Jarrera honi tinko eutsi
nahi diogunok, badakigu izerdia bezain malko eta odol izango dugula
bizian, ezin bestean.
Zuhurtzia eta argitasun doi bat eskuratzen dugun heinean, ez gaituzte
indar harrokerietan ikusiko, iraintze nor gehiagokak ere, ez ditugu
gogoko, bainan, hasarreak, geuri ere, eskuak ekubiltzen dizkigu, eta
pozik! Adorerik gabe ez bait dago duintasunik eta ez besterik.
Oso hitz gutxikoa genuen Txikia, haren esateko modua, egitea zen.
Elkarrekin ginauden batez, hauxe galdetu zion kide batek: "Esango didak
zer programa duen ETAk Euskal Herriarentzat? "Euskarak ematen duena",
erantzun zion. Herria askatu eta eraikitzeko egitasmoa, esaldi bakar
batean azaltzea ezinezkoa delako edo, hiru hitzeko esaldi horretan
programa bezala izenda genezakenik ez egon arren, funtsezko noratasuna
ederki azaldu zuen. Bakoitzari dagokio, "Euskarak ematen duena"
esaldiaren hezurra edo muina aurkitzea.
Hitza eman didazutenez, neure ikusmoldea azaltzen saiatuko natzaizue.
Euskaldunok herri bezala bizitzeko lurraldea behar dugun bezalaxe,
Txikiarentzat herria askatu eta eraikitzeko euskara funtsezko oinarria
zen, beraz, euskara jartzen diogu ardatz edo meta ziri bezala. Honen
inguruan egin behar da dena, ez; honan eskutik, ezta; Euskaratik, bai.
Programak, egitasmoak, eta dena euskaraz egitea ez da aski, euskaratik
egiten ez dugun bitartean. Hizkuntza bizia dela diosku Txikiak, zuhaitz
bat bezala. Arbolak haunditu eta fruitua emateko, bere eremua eta
eguzkiaren argi beroa behar duen bezelaxe, herriak ere beharrezkoa du
bere eremua eta bere hizkuntzaren argi beroa.
Oraintxe konturatzen nauk, asmatzen ahal dugun guziaren iturburua,
aipatzen dudan esaldiaren baitan dagoela. Esaldiak duen noratasunari ez
badiogu arreta handia jartzen, hauxe gerta dakiguke: euskaldundu gabeko
Euskadi bat askatzea. Orduan, Euskal Herria askatzeko ordez,
euskaldunak bizi ziren eremua izango da askatu duguna, eta hau,
hoberena jota. Harrisku hau egiazkoa izateaz gainera, handia ere
badelakoan nago. Ez nauk berehala jabetu, egunsenti igerle eta
aintzindari hintzela, hala haiz oraindik, hire besotik aurkitzen bait
diat bidea, inoiz galtzen dudanean. Egun xintak gaua baldin badakar,
eguna ere bai. Ez dago zalantzarik gaua hurtzen ari dela, bainan, egia
da ere ezin dela argi betera iritsi, lehen brintza gorrietarik iragan
gabe.
Zuhaitz baten adarrak egur berdinekoak izan arren, bizian ezagutuz
maitatu ditudan lagunek, beste su bat pizten didate bihotzean. T.
Monzonek Txikia eta Saseta, biak ezagutzeko zoria eta maitatzeko
dohaina izan zituen. Txikiari egin zion abestian aurkitzen dut burua
eta bihotzaren artean dudan gatazkaren oreka polita.
Txikia
Txikia zuen guda-izena
Bera gizon osoa izan arren
Mendizabal, Sasetaren urrena
Biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
Baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur heuren atzetik
Euskadi’rentzat hil dire-ta
Gorputzak arantzaz beterik.
Arro hadi Kantauri Itxasoa
Ta heien betiko loa
Betiko kanta zak,
Geroari esaiok olatuetan
Herri-izarrak ez direla itzaltzen
Gure haurrek biharko ikastoletan
Heien izenak abestu ditzaten
arantzetan biak hil bait ziren
Geroari esaiok olatuetan
Herri zaharrak ez direla itzaltzen,
gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten,
Herriarentzat biak hil bait ziren.
Atzoko eta gaurko gudarientzat gure maitasunezko begirunea.
Oharra:
Artikulu hau Ondarroan ‘Txikia’ren
heriotzaren 25. urteurrena
oroitzeko eratutako batzordeak utzitakoa da
eta aurreraxeago ‘Txikia’ri buruz egingo
den liburu batean
argitaratuko da.
Oker begiratu, zuzen ikusi
Joxe Mari Ostolaza "Xalbardin"
Goiherritik itsas ondoko Beterrira isun bat kartzelaz ordaintzearen
truk ekarria izana, ezagutu nuen berorri. Martutene. Besterik ezean,
Aditza izeneko liburuxka azal gorria izan genuen topaleku. Berorri
aditua eta ni ezjakina. Hilabete batez edo berorrekin berreuskalduntze
ahaleginetan igaro ondoan, Urumeako erribera utzi eta itzuli zen atzera
Lazkao aldera. Hiru bat urte internadotan oporrak ordainduta igaro eta,
berorren berri zuzena izan nuen. Eta berriz ere, Beterria izan genuen
bilgune. Militantez hustu eta lanabesez juxtu utzi egitura
berrantolatzea zuen xedea. Intelektual homologatuek bidegurutze
borobilera ekarri erakundea, bertan itzuli - mitzulika zebilela ez
aurrera ez atzera, ataka hartatik ateratzea zuen helburu. Premi gorriko
egoera. Norabidea aukeratu, eta mementuan errekurtso guztiak bertan
sartzeko lain zuen mikrobusa hartuta abiatu zen geroaren barrena,
hutsegitearen beldur inoiz asmatzen ez duten begirada zuzeneko listoak
bertan utzirik. Eta oker zeuden. Berorrek, klubaren kudeaketa ustez
egokiagoak zirenen bizkar laga, eta jokalarien ahalen araberako talde
jokoa antolatzeko gai den entrenatzaile-jokalari legez, lana zehaztu,
ardurak banatu, hutsuneak onartu, indarrak bildu, eta epe laburrean
lortu garaipenez ingurua bereganatu eta taldea elikatu eta zabaltzeko
adinako borondate eta talentua izan zuen, borondaterik gabeko talentua
hipotesia, eta talenturik gabeko borondatea kaltegarri direla jakitun.
Emaitzak lekuko. Eta ordaindutako faktura. Konszienteki.
Orain, mende laurdena igarota, hein batean berorren antzeko askori zor
zaio, dagoena. Eta euskarak bizi ez bagaitu ere, euskarazko hedabideak
baditugu euskara biziarazi dezagun. Eta errealitateari, telebista
platoaren antza geroz eta handiagoa hartzen diot. Bi eremu. Bi mundu.
ETB. Bi kate. Bat eta dos. Batean, egunero edo, Iharra eta Xenkiren
Herrialde Berdea hura ordezkatua. Artalde. Bordea bilakaturik.
Goenzale. Bertan, bibliar dilista platera sosaz aldaturik, ia denetarik
dugu guardia zibilak eta poliziak ezik, hauek, orain mende laurdena
bezalaxe militanteak akabatzen lanpeturik baitabiltza. Eta hauen
ordezkaritza, fikzioan beti, armarik gabeko ertzainek betetzen dute.
Mutil puskak, galantak, euskaldun petoak, xaloak eta baserri onekoak.
Arrazoitzen dutenak. Garai bateko arbitriosetako guardak bezalakoxeak
txapel gorri eta guzti. Beraz, berorrek ez luke mailarik emanen,
altuera fisikoaz gain zuzen begiratzea eta oker ikustea baita
ezinbestekoa. Bertan, prentsa kiosko bakarrean euskal prentsarik ez
dago, bertako biztanlego euskaldunak postaz jasotzen bai baitu etxean
sobra ere. Gainera, horrela, gure erdaldunekiko eskuzabaltasuna garbi
azaltzen dugu. Bazterketarik ez. Bertan, futbol ekipoa ere badugu,
hortik kanpo ez bezala, bertako entrenatzaile eta jokalari euskaldun
arruntez osatua. Hor, ezeuskaldun atzerritarrik ez da agertzen.
Pelotariak berriz, ale sueltotan ere baditugu, eta gure sentsibilitatea
mindu ez dadin, eta artekarien colorau, colorau, azul, azul entzun ez
dezagun ez digute frontoia erakusten, bestela ere, hortik, fikzio
hortatik at ongi hornituak bait gauzkate. Kirolandia.
Orain, mende laurdena igarota, Artalde katean erdaldunak erdaraz -
euskarazko ordaina azpititulutan - entzuteko aukera daukagu. Eta dos
katean berriz, erdaldunak erdaraz entzuteaz gain, euskaldunak ere
erdaraz entzun ditzakegu, bertako erdaldunek ez bezala guk bi
hizkuntzak menderatzen ditugula erakusteko edo. Eta hala ere aintzina
omen goaz gurean, lehen ez bezala hauteskundetik hauteskundetara,
telebista platoak okupatzeko aitzaki bila eta borroka horretan bat
gatozela batzuek eta besteak. Bainan berorrek jakin beza esan nahi diot
leihaketa hastapenetan dagoela eta ez dela oraindik bukatua, lehen
bezala orain ere telebista platoetatik at, oker begiratu eta zuzen
ikusi nahi duenik ere badagoela halegia.
Txikiaren anaia
Irailaren 29an hil ziren Gipuzkoako Andoainen Jon Miren Mendizabal
Benito eta Juanita Amundarain Otegi. Goierri aldean oso ezaguna eta
estimatua bazen bikote hau, gizona, Jon Miren, Eustakio Mendizabal
"Txikia"ren anaia zen. Eta bera izan zen, hain zuzen, dossier honen gai
nagusia den pertsonaz eta pertsonaiaz eduki genuen informazio iturri
nagusietako bat. Bere anaia zelako, eta bere anaia abertzale militante
konprometitua zelako. Eustakioren nortasuna eta ekintzen nondik
norakoak ulertzeko klabe asko eta interesgarriak luzatu zizkigun Jon
Mirenek, eta baita bere familiarako atea ireki ere. Hala ezagutu ahal
izan genituen beren aita iadanik hila dena, eta ama Arantxa Benito,
Itsasondoko etxean. Eta berak egin zigun Txikiaren emaztea izan zen
Anabelen etxean sartzeko modua ere, Ondarroan. Poz ematen du hau eta
bere bigarren senarra etxean anai-arrebatzat dauzkatela ikusteak, hil
berri den bikotearen eskeletan agertu denez. Eustakioren ibileretan
ardatza izan zen N-1 errepidean hil dira biak, Andoainen, bidaian
doazen hainbeste kanpotarrekin batera ia beti bost xentimoren errurik
gabe hainbeste gipuzkoar akabatzen dituen errepide arriskugarri
horretan. Gure oroimenean geldituko dira.
Pello Zubiria
2.-
Biografia (EUSKADI ETA
ASKATASUNA. Txalaparta)
EUSTAKIO
MENDIZABAL BENITO
1973ko Ostegun Santu hura urte luzez mantendu zen askoren
oroimenean. Poliziak mito bat hil zuen tiroz Getxoko kale
batean. Herriko heroia izan zen Eustakio Mendizabal Benito
Txíkia, gazte euskaldunen belaunaldi oso baten erreferentzia
puntua. ETArentzat biziki erabakiorrak izan ziren urteetan
jardun
zuen erakunde armatu honetan: 1970eko abendutik 1973ko
abendura.
Beste modu batez esanda, Burgoseko epaiketatik Carrero Blancoren
heriotza prestatu arte. Garai hartako buruzagirik
karismatikoena
izan zen akaso. Berari egozten zaio ETA ekintza militarrerako
berrantolatu izana.
1944ko urriaren 9an jaio zen Eustakio Mendizabal, Gipuzkoako Itsasondo
herrian. Lau neba-arreba ziren etxe umil eta langile
hartan. Gazte isila eta intuizio handikoa, estatura txikikoa
zelako jarri zioten hain ezaguna egin zen ezizena. Eustakio
Mendizabalek, garaiko gazte euskaldun askok bezala, seminarioa izan
zuen ikasketekin jarraitzeko modu bakarra. Hamar urte
zituenetik
hogeita bi bete zituen arte, Lazkaoko fraide beneditarrekin bizi izan
zen. Bere irakasleek, gero, pazientzia handiko mutiko zintzo
eta
zail bezala gorde zuten gogoan. Bihotz onekoa, ingurukoekin
samurra, intuizio handikoa eta erreakzio bizikoa zela aipatu izan dute.
Euskadin 60etako hamarkadan sortutako sentimendu nazionalistak izan
zuen eraginik Lazkaoko aita beneditarrengan. Komentuko
baratzean
lanean aritu zalea izanda ere, eskuetara heltzen zitzaizkion euskarazko
liburu guzti-guztiak irentsi egiten zituen Eustakio
Mendizabalek.
Horretaz gain, euskarazko klaseak ematen zituen inguruko institutu eta
eskoletan. Aisialdietarako bi pasio zituen biziki
maiteak.
Mendira joanez edo bertsoak idatziz gozatzen zuen.
Giro beroa sumatzen zen orduan kaleetan. Goierri aldean
elkarte
asko mugitzen ziren. Esate baterako: JOC, gazte langile eta
katolikoen taldea, langileen eskubideak aldarrikatzen zituena; Herri
Gaztedi, arazo nazionalari atxikia; edo Vanguardia Obrera Juvenil, CCOO
sindikatutik nahikoa hurbil eta ELAtik urrun kokatua. Guzti
horien ondoan, ETAk dinamika berria piztu zuen, eta Lazkaoko komentua,
bileretarako eta beste, elkargune bilakatu zen.
Bota parea eta motxila
1966. urtean, Teologia ikasketak ia bukaturik apeztzekotan zela,
Eustakio Mendizabalek urtebeteko baimena eskatu zuen
komentuan.
Beasaingo tailer batean lana eskaini zioten, eta baita horretan hasi
ere. Hala ere, betarik izan zuen Magisteritza ikasketei
ekiteko
eta aldi berean euskarazko eskolak emateko. Lehenengo soldata
jaso zuenean, hunkiturik oso, mendiko bota parea eta motxila erosi
zituen.
Bolada honetan Txikiak hilabete pasatu behar izan zuen Martuteneko
espetxean. Baimenik gabeko manifestaldi batera joateagatik
ezarri
zioten isuna ez zuelako ordaindu nahi izan. Hilabete horretan
ere
euskarazko klaseak eman zituen bertan.
Eustakio Mendizabal, Beasain utzi eta Bilbora joan zen
bizitzera.
Urtebetez, 1968. urteko abuztura arte, Compañia
Franco-españolaren untzigintza fabrikan lan egin
zuen.
Lagun baten atxiloketaren ondotik Poliziak Txikiarenera jo zuen, baina
ordurako ernai zen. Poliziek alferrik egin zituzten hogeita
lau
ordu Txikiaren etxetik mugitu ere egin gabe.
Epe labur batez, Estibalizko komentuan babestu zuten Txikia, Bidasoa
gurutzatzea lortu zuen arte. Ipar Euskal Herrian zegoenean,
garai
hartako errefuxiatu asko bezala, Bellokeko beneditarren monasterioan
egon zen bost hilabetez.
Handik Baionara jo zuen. Beste lau erbesteraturekin batera
bizi
zen goiburu batean. Bizitzeko eta lan egiteko baimena
eskatzearen
nekea eta samina ere barne-barnetik ezagutu zuen. Txikiak,
beste
errefuxiatu askorekin batera gose greba egin zuen Baionako katedralean
hertsirik, 1972an.
Ez ezkontza, ez bataio
Anabel Zubikarai ondarroatarra ezagutu zuen Ipar Euskal
Herrian,
aurrerantzean bere neskalaguna izango zena. Txikiak, bere
aldaketa ideologikoari jarraiki, ez zuen elizara jo ezkontzera, ezta bi
semeak bataiatzera ere. Matalaz eta Ekaitz bataiatu gabeko
lehenengoetakoak izan ziren. Garruzan bizi ziren, Donapaleu
ondoan dagoen herrixkan. Laborariak ziren, hainbat errefuxiaturen
artean antolatutako baserrian.
Bitan atxilotu zuen polizia frantsesak, arma bat zeramala.
Bigarrengoan Pabeko presondegira eraman zuten eta gero Poitiersera
konfinatu. Berehala ihes egin zuen handik, hilabete batzuk
ezkutuan pasatu eta barnealdera, Hego Euskal Herrira joatea erabaki
zuen.
Jose Manuel Pagoaga Peixotok ezkutuko momentu asko bizi izan zituen
Txikiarekin. «Garai bateko euskaldun zaharrek bezala hitz
egiten
zuen, euskara aberatsean, esamolde jatorrak erabiliz. Akaso
horregatik heltzen zen hain erraz adineko jendearengana. Uste
dut, garai hartan, ni baino hamar-hamabost urte zaharragoa zen jendea
berak erakarri zuela».
Gipuzkoako arduraduna
Militanteen beharrean zen ETA garai hartan. ETA V.aren eta
Seigarrenaren arteko banaketa gertatu berria zen. Txikiak
lehenengoaren alde jokatu zuen. 1971. urtetik aurrera fronte
militarreko arduraduna izan zen, eta hain zuzen Eustakio Mendizabalen
esparrua zen horretan, Tolosatik hasi eta Irunera bitartean, ETAren
ekintzak ugaldu egin ziren, eta garrantzi handia hartzen
hasi.
Garaiko agiri ofizialetan, ekintzarik esanguratsuenetan parte hartu
izana leporatzen zitzaion Txikiari. Esate baterako, Beihl
kontsularen eta Zabala eta Huarte industrialen bahiketetan, Gipuakoako
Sindikatu Bertikaleko hainbat bulegoren erreketan, Pasaia eta
Orbegozoko atrakuetan, edo Hernanin egindako hiru tona dinamitako
lapurretan.
Ekintza horiek bezain ikusgarriak izan ziren Polizien
atzaparretatik egindako ihesaldiak, herritarren artean gero eta
ezagunagoak zirenak gainera. 1972an, Hernani eta Urnieta lotzen dituen
errepidean polizien jazarpenetik ihes egin zuen nola-hala. Eta
urtebeteren buruan, Zumarragan, polizia ugariren tiroen artetik
desagertu egin zen arrastorik utzi gabe.
Haatik, konturatzen zen horrelako enbuskadetatik ezingo zuela beti ongi
irten, eta maiz aipatzen zuen ez zuela sekula onartuko preso harrapa
zezaten. "Ni hil egingo naute" ziurtatzen zien behin eta berriro bere
lagunei.
Bere lana, ekintzetan jardun ez ezik batik bat haiexek gidatzea izan
arren, klandestinitate garai hartan ezagutu zutenek, ekintzaren etapa
guztietan oso arduratsu parte hartzen zuela gogoratzen dute.
Berak pertsonalki ekiten omen zion ekintzari, eta beti omen zen azkena
erretiratzen. Txikia intuizio handikoa zen sortzez, eta
ekintza
ororen ostean, herritarren artean izandako oihartzuna nondik norakoa
zen ikastea izan ohi zuen kezkarik aipagarriena. «Harentzat
-dio
ETAko bere adiskide batek- oinarrizkoa zen herriaren sinesgarritasuna
eta konfiantza irabaztea».
Mendiaren babesean
Garai hartako ETAko militante gehientsuenak bezala, jatorriz baserri
girokoak izaki, hirian topa ez zezakeen segurtasuna aurkitzen zuen
mendian. «Ekintzaren bat prestatzekotan norabait heldu
orduko,
mendia non ote zegoen galdetzen zuen lehendabizi. Harentzat,
iheserako eta askatasunerako aukeraren adierazgarria zen
mendia».
Horregatik, nahiago zuen Gipuzkoan jarraitu. Aise mugitzen
zen
herrialde honetan, nahiz eta Poliziak behin baino gehiagotan sumatu
izan. Bere gurasoek ere ikusi zuten. Batzuetan
agurtu
egiten zituen, eta bestetan egunkari batez aurpegia estaltzen
zuen. Dionisio Amundarain beneditarrak ere topatu zuen
noizbait
Donostiako Parte Zaharrean: «Baina, zer habil
hemen?»
galdetu zion. Eta, «Badakik, ibili beharra zegok
eta ...
» erantzun Mendizabalek.
Antolaketa kontuak zirela eta, Bilbora jo zuen. Ez zitzaion
gehiegi gustatu hara joan beharrak. «Bai, Gipuzkoan ezagutu
egiten naute. Baina neronek ere ongi ezagutzen ditut
bazterrak. Aldiz, Bilbon, zer egin dezaket? Norantz
jo? Nondik ihes egin?» esaten omen zuen.
Diziplinaren izenean bete zuen agindua. Bere neskalagunak
komentatzen zuenez, «Bilbora joatea apustu handia zen
denentzat,
eta Eustakiok handik ez zela irtengo usaindu zuela iruditu
zitzaidan».
1973ko apirilak 19. Txikia Algortako tren geltokira heldu da
Bilbotik. Peixoto zain dauka. Goizen Bilboko
Errekalde
auzoan Polizia segika izan dutela konturatu dira. Algortako geltokia
poliziez josita dago, eta baita Txikia bertara daraman trena
ere.
Peixoto eta Txikia korrika hasi dira. Tiro bestetik ez da
aditzen. Polizia gehienak Txikiaren atzetik abiatu
dira.
Kale artean pertsegitu dute aurrena, eta baratz artean gero.
Kilometro bateko tartea egin die Txikiak poliziei. Tiro bat
du
ipurmasailean baina korrika jarraitu du. Peixotok ihes egitea
lortu du mendira doan eskailera batetik gora.
Bitartean, Txikia errepidera iritsi da, Makalen Hiribidearen pare
horretara. Auto batera doa. Aurreko eskuineko
eserlekuan
jartzea lortu duelarik, poliziak hurbildu zaizkio eta batek tiro egin
dio gertutik. Hilzorian egon arren, eskuburdinak ipini eta
Basurtoko ospitalera eraman dute. Hogei minutu egin zituen bizirik.
Larunbatean, hil eta bi egunetara, Eustakio Mendizabalen gorpua
Itsasondora eraman zuten poliziez ondo inguraturik. Polizia
horietariko askok kargu handiei zegozkien galoiak zituzten
uniformean. Gobernu Zibilak berehala ehortzea agindu zuen,
inongo
ongietorririk antolatzen utzi gabe. Hileta biharamunean egin
zen
Itsasondoko elizan, Aberri Eguna ospatzen zeneko igande
batez.
Sokoan ere elizkizuna egin zuten Txikiaren oroimenez, eta ehundaka
militante abertzale egon zen bertan. Polizia frantsesak
zaindu
egiten zituen helikopteroz.
Oihartzuna prentsan eta herritarrengan
Egunkariek, «ETAko adar militarreko arduradun
nagusiaren» heriotza titulu handiz nabarmendu
zuten. Fraide
beneditar izan zeneko garaia eta «bere ekintza terrorista
larriak» azpimarratzen zituzten batik bat. Ramon
Arrieta
sinadurapean, El Diario Vasco egunkariak «gupida handiko
baina
diziplina txikiko gazte» moduan azaltzen zuen Txikia.
«Mendizabalen ezaugarririk nagusiena -dio jarraian-,
egoskorkeriaz nahasiriko gogortasuna zuen. Fraidegai bezala
hasi
arren, terrorista bezala tiroz hil den gizon hau, batzuetan euskaldun
askori gertatzen zaion jauzi pendularraren prototipoa da.
Horregatik, Cara Rosa ospetsua gogorarazten digu. XIX. mende
hasierako Gorteen garaiko Cadiz hiria izutu eta asaldatu zuen
fraide bizkaitar eta masoi ohi horixe bera ekartzen digu
gogora».
Ez da, aipatu berri den ikuspegi hau, Txikiari buruz oroimen
kolektiboak gorde duen erretratua. Ezagutu zutenek, Ama,
txukatu
malkoak olerkia idazteko adina sentsibilitate zuen ekintzako gizona
dute gogoan. Eta aldi berean egoera arriskutsuetatik airoso irteteko
azeriak adina zuhurtasun zuela aitortzen diote ezagutu
zutenek.
Handik urte batzuetara GALek hil zuen Tomas Perez de Revilla, mendiko
botak erosi behar zituen guztietan oroitzen zen Txikiarekin:
«Eman iezazkidazu bota batzuk, baina Eustakiorenak
bezalakoak,
motortxoa eta guzti» Hainbatek beste irudi bat izango du
buruan:
borrokaren marko politikoari buruz galdetu eta «Gure marko
politikoa? Hizkuntzak ematen duena» esanez erantzun
zuen
euskaldun batena.
3.- "Txikia zuen guda izena". Telesforo Monzon
Telesforo
Monzonek bere
abestietariko bat eskaini zion Eustakio Mendizabali. Txikiaren
heriotzaren ondorengo urteetan, kantatzea borrokatzeko eta
errebindikatzeko beste modu bat zela sinesten zen garaian. Kanta hau,
klandestinitatean ateratako disko batean zabaldu zen Euskal Herri
guztietan. Diskoak ez zekarren kantarien izenik, baina izan Domingo
Iturbe "Txomin", Maite -Tominen emaztea- Isidro Garalde "Mamarru" eta
"Korta" ziren, denak Txikiarekin ibilitakoak. Eustakio Mendizabal
sekula ezagutu ez zutenek ere askotan kantatu izandako letra izan zen
Txikia zuen guda izena abestia.
Txikia zuen guda-izena
bera gizon osoa izan arren
Mendizabal Sasetaren urrena
biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur euren atzetik
Euskadirentzat hil dire-ta
gorputzak arantzaz beterik.
Arro hadi Kantauri itxasoa
ta heien betiko loa betiko kanta zak,
Geroari esaiok olatuetan
Herri-izarrak ez direla itzaltzen
gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten
arantzetan biak hil bait ziren.
4.- Txikia plaza: Getxoko Udaletxeak Txikia hil zuten lekuaren ondoko
plazari bere izena emateko erabakiaren akta
Getxo Udaletxeak 1980.eko maiatzaren 17an
egindako
Osoko Bilkuraren akta:
19º.- CAMBIO DE DENOMINACION DE CALLES DEL MUNICIPIO
El Concejal Sr.Nebreda, dijo: a esa
Comisión
Especial, no ha sido invitado UCD y nos queremos quejar, sentirnos
marginados, y denunciar cierto oscurantismo por parte del Partido
Nacionalista Vasco.
La Presidencia contestó
diciendo, que de todo
este asunto se había hablado en la Permanente,
invitándeles a formar parte de la Comisión; que
ésta, después se reforzó por dos
personas
conocedoras de los nombres antigüos de las calles,
concretamente
D.LUIS BERGARECHE para las calles de Las Arenas y D.FRANCISCO
URRECHUA para las de Algorta.
La Presidencia, a
continuación,
manifestó haber hecho dos grupos de calles, con cuyos
nombres
estaban todos los miembros de la Comisión conformes, siendo
estas las siguientes:
(...)
Los nombres de las calles se
pondrán en
Euskera y en Castellano.
El cambio de denominación de
las calles
expresadas fue aprobado por unanimidad.
A continuación se propueso y
sometió a
votación cada uno de los siguientes nombres de calle:
(...)
"Propuesta de cambio de nombre de la Plaza de Viviendas de Vizcaya por
el de Plaza de TXIKIA
Sometida la propuesta a
votación fue
aprobada con el resultado de 18 votos a favor, los correspondientes al
PNV (13) y HB (5). 5 votos en contra, de UCD y una
abstención
del PSOE.
Por el concejal Sr. Nebreda, se
dió la
siguiente explicación de voto negativo de UCD a que se
cambie la
denominación de la plaza conocida por VIVIENDAS DE VIZCAYA
por
la de PLAZA TXIKIA. Dijo: estimamos incalificable que partidos que se
dicen defensores de la paz y enemigos de la violencia propugnen el
nombre de un conocido activista de ETA, aunque sabemos que
murió
en tiempo de la dictadura.
Todos nos sentimos esperanzados al leer
el
llamamiento que días pasados hizo el Consejero del Interior
del
Gobierno Vasco, Sr. RETOLAZA, en favor de la paz y nos parece que aquel
llamamiento está en clara contradición con la
propuesta
que hoy se hace. Se pretende con este acuerdo sacralizar la violencia y
se ofende a los ciudadanos muertos por ETA y a la ingente cantidad de
personas que hoy se sienten amenazadas por tal organización.
No
se conjuga el apoyo dado por el PNV a la posición valiente
adoptada por D. JUAN ALCORTA, con este homenaje a un miembro de ETA.
5.-
"Hitz
etena. Eustakio Mendizabal "Txikia"ren olerkiak" Jon Arano. Susa, 1992
Jon Aranok Txikiaren olerkiak eta bertsoak jaso ditu liburu honetan,
sarreran Txikiaren idazte kontuak argi azaldu ondoren. Aranok esan
bezala asko dira Txikiaren poema galduak, baina idazle sena argi utzi
du gorde diren koadernoetan.
Liburuaren aurkezpena eta poema batzuk, hemen
|
|