Hasierako orrira
Getxoko presoak
Jabier Gallaga
Iñigo Otazua
Marian Perez
Txetxu Fernandez
Iñaki Gonzalo
Albaro Arri
Manex Zubiaga
Jagoba Terrones
Anjel Figueroa

Hildakoak
Luis Maria Zuluaga
 Aitor Elortza

Helbideak

oihu@ buletina
oihu@
fitxategia: buletin guztiak
fitxategiko aurkibidea
harpidetu

Dokumentuak
Dokumentuak

Loturak
Loturak

aurki
google
 


JON PAGAZAURTUNDUA ISUSI
  Laudio 1954 - Areeta 1973.11.28



1.- Biografia (EUSKAL HERRIA ETA ASKATASUNA. Txalaparta)
 


JON PAGAZAURTUNDUA ISUSI

Jon Pagazaurtundua gazte laudiotarra, Joxe Etxeberriarekin batera zegoen 1973ko azaroaren 28ko gauean, esku artean zuten bonbak auto barruan eztanda egin zuenean. Apirilaren 19an Txikia hil zenetik, ETAk murriztu egin zuen jardun militarra, batik bat VI. Biltzar Nagusirako prestatze lanetan ari zirelako. Urte bukaeran, ekintzak berriro hasiko ote ziren seinaleak antzematen ziren. Hilabete baino gutxiago falta zen erregimen frankistaren norabidea aldatuko zuen atentatua gertatzeko: Luis Carrero Blanco, Gobernuko lehendakariaren heriotza, 1973ko abenduaren 20an.

Hemeretzi urte besterik ez izan arren, Jon Pagazaurtunduaren bizitza esperientzia ugariko izan zen. Apaizgai ohia, euskara hobetzeko hasi zen Ondarroako itsasontzi batean lanean, eta Enpresa Zientzietako ikastaro bat egin zuen Parisen. Hil zenean, Deustuko Unibertsitatean matrikulatuta zegoen eta arkitekto bulego batean lan egiten zuen Bilbon. Hilabete batzuk lehenago atxilotu zuten eta Langraizko espetxe arabarrera eraman, baina behin-behineko askatasuna eman zioten, epaiketa izan arte.

1954ean jaio zen. Bizitzako lehen urteak Laudion egin zituen, bera baino gazteagoa zen arrebarekin batera. Amak gogoratzen duenez, “oso haurtxo zintzo eta isila zen. Bost urte besterik ez zituenean osaba Patxikoren baserrira joan nahi zuen bizitzera eta etxean aurkitutako txapelik handiena janzten zuen beti”. “Begirune handia zion jendeari. Zazpi urte zituenean etxeko pikondoak lehen fruituak eman zituen, eta fruitu haietako batzuk hartu eta auzoko emakumeari eraman zizkion. Ez nekien zergatik egiten zuen. Auzokoak beranduago kontatu zidan Jose Luis eta bere lagunak haren pikondoan lapurretan arituak zirela. ‘Ni ez nintzen arbolara igo –esan zion auzokoari- baina botatzen zizkidaten pikoan jan nituen eta orain neure pikondoak emandakoak ekartzen dizkizut’”.

Bost urte apaizgai

Bederatzi urteetatik hamalauetara, Jose Luis Pagazaurtunduak Gasteizko apaizgaitegian ikasi zuen. Amak, lerro artean irakurrita, apaizgaitegia utzi eta Laudiora itzuli nahi duela igartzen dio. “Gutunean bisitan joan gintezen eskatzen zigun. Ezu zuen ezer garbirik esaten, baina berehala konturatu nintzen zer gertatzen zen. Honela esan nion Meltxor senarrari: Jose Luis etxera dator berriro. Gutunean halakorik aipatzen ez zela esaten zidan, baina huraxe zen arrazoia. Maletak egin eta gurekin itzuli zen etxera. Apaizgaitegian asko maite zuten, eta erretoreak bazihoanean, itzuli nahi izanez gero ateak zabalik zituela esan zion”.

Erlijio zentro hartan izan zenean, Jon Pagazaurtunduak inguru hartako jendea ezagutu zuen eta haiekiko adiskidetasunak luze iraun zuen. “Jon ni baino bi urte gazteagoa zen –dio orduko lagun batek- eta ikastaro ezberdinetan ari ginen, baina berak nik baino lehenago utzi zuen seminarioa. Giro hartan ez zegoen ezer berezirik, bizitzak berez egiten zuen aurrera, eta ez zen euskal ingurunerik edo ezer politikorik inondik ikusten. Orduan Joni ez zitzaion joera berezirik nabarmentzen. Apaizgaitegia utziz gero, elkarrekin topo egiten genuenean, nik oraindik han segitzea leporatzen zidan. Urte batzuetan ez nuen gehiagotan ikusi eta apaizgaitegia utzi nuenean berriro aurkitu nintzen berarekin”.

Heldutasuneko hamasei urte

Garai honetan Jonek hamasei urte ditu, baina inguruko lagunek heldutasun handiagoko adina ematen zuela diote. “Adin handiagokoak ginen arren, psikologikoki gu baino helduagoa zen .oso bizkorra zen eta, hamasei urte bazituen ere, zeukan kritika eta analisi ahalmena txundigarria zen”. “Ni orduan EGIn nenbilen -gogoratzen du beste lagun batek-, eta eztabaida asko izaten nituen berarekin, baina beti hizpiderik gabe uzten ninduen”.

Laudioko gazteria Goikogane elkartean biltzen da. Horren inguruan, mendira eta erromerietara ibilaldiak antolatzen dira; euskarazko eskolak ere abiatzen direnean Jon puntako ikaslea da.

Lagunek ez dakite noiz hasi zen ETAren barruan, nahiz eta, garai haietan izaten zituzten eztabaidengatik, 1969 edo 1970etik aurrera izan zitekeela pentsa litekeen. “Oso lehiatia zen eta, izaera seriokoa izan arren, jendea erraz hunkitzen zuen. Mundu guztiarekin berba egiten zuen, adin handikoekin eta baita gazteagoekin ere. Burla giroa zegoenean ere parte hartzen zuen, baina egia esan ez zuen indioilarrarena egiten, geuk egiten genuen moduan”.

Apaizgaitegia utzita, Bilboko institutuan matrikulatzen da eta, bakarkako irakasle baten bitartez, batxilergoko sei urteak bitan egin zituen. “Nahi bezala burutzen zituen ikasketak –adierazten du amak- eta bukatu zuenean, hainbat tokitan hasi zen lanean. Irabazten zuen diru guztia liburuetan gastatzen zuen, edota jende behartsuari emanez”.

Aurrekoaren adibide bezala, amak gogoan dauka lan estra batean lortutako dirua zertan erabili zuen: “1971n eskoletako eraikuntza lan batean ari zen. Larunbat zen eta enkargatuak esan zien porlana zekarren kamioi baten zain zeudela; geldituz gero, soldataren bi halakoa ordainduko ziela. Nekaturik iritsi zen etxera, egoera oso lastimagarrian, baina poltsikoan 1.400 pezeta zekartzan, aste osoko lanaren pareko. Arratsalde hartan Ondarroako lagun bat joan zitzaion bisitan, Arakan soldadutza egiten ari zen, eta abiatu zenean 1.200 pezeta eman zizkion. Esan nion txarto egin zuela, hamabost egun barru eman behar zizkiokeela, etxetik atera berria zenez poltsikoa beroa izango zuela. ‘Bost nebarreba dira eta aita arrantzalea da –erantzun zidan-. Ez dut uste poltsikoan diru asko eramango duenik’”.

Ondarroara, euskara hobetzera

Jonek lagun asko zituen Ondarroan eta apopilo izandako etxean semea bailitzan maite zuten. Bi urte lehenago, Laudioko Goikogane elkartean ikasitako euskara hobetzea erabaki zuen, eta herri bizkaitarreko atoi-ontzi batean hasi zen lanean. “Nahigabe handia izan zen niretzat –dio amak-. Hamasei urte besterik ez zituen eta orduan jendea ez zen orain bezala batetik bestera ibiltzen”.

Jonen eztabaidarako zaletasuna lagun guztiek dute gogoan. “Etxera etorri eta gure aitarekin hasten zen politikaz eztabaidatzen, aita politikaz berba egitearen zalea ez bazen ere. Jonek sutsu defenditzen zituen bere iritziak, baina bere onetik atera gabe. Nagusiek ‘oraindik oso gaztea haiz, mutiko...’ esaten zioten arren, errespetu handia zioten, ez zioten esaten ‘isilik egon hadi, ez dakik ezer eta...’, geuri bezala”.

“Pertsona helduaren itxura ematen zuen –dio beste batek-, eta batik bat politikaz mintzatzen zen arren, gauza guztiez iritzia ematea gustatzen zitzaion. Gogoan ditut Kuba edo Txinako iraultzei buruzko eztabaidak, independentziari buruzkoak, edo ekonomia politikoari buruzkoak”.

“Nahiz eta gauza batzuetan ados egon, eztabaidatzea maite zuen eta beti kontra aritzen zen, debatea eragiteko, besterik ez bazen. Sarritan haserretzen nintzen berarekin, ezertan ez ginelako bat etortzen. Absurdura jotzearen teknika erabiltzen zuen, izkina batera bultzatzen zuen kontrarioa, eztabaidaz inguratu eta azkenean berak aterako zuen izkinatik. Beste korapilatzeko abildade aparta zeukan”.

Sei hilabete Parisen

Enpresa Zientziak ikastearren, Jon Pagazaurtundua Parisera doa 1972ko urrian. Hizkuntza berri bat ikastea ez zaio kostatzen eta sei hilabete egin zituen hiriburu frantziarreko etxebizitza batean. Egonaldi hartan bisita egin zion lagun batek uste duenez, “ordurako ETAn bazebilen ere, erakundeko buruzagiekin lehen kontaktuak han izan zituen”.

1973ko apirilean familiak ohar bat jasotzen du, Polizia Jonen atzetik dabilela ohartaraziz. “Parisera joan ginen eta jakin zuenean, izugarrizko haserrea hartu zuen. Ez zuela ezer egin zioen eta itzultzekotan zela. Astebete beranduago, sukaldea garbitzen ari nintzela, etxean azaldu zen. Une hartatik aurrera, kezkaz beterik egon nintzen, bere bila noiz etorriko ziren zain”.

Amaren beldurra urte hartako uztailaren 23an bete zen. Guardia Zibilak etxean bertan atzematen du Jon eta Langraizko espetxean hamazazpi egun pasatu ondoren libre utziko dute, hamabost mila pezetako fidantzapean eta epaiketa etorri arte. “Polizia-etxean egurra eman zioten. Toaila batzuk bidali nizkion eta guztiz apurtuta ekarri zituen etxera. Toaila haiexek bustita jo egin zioten. Galdeketetan euskararekin eta ikastolekin ari zela esan zien, ez zebilela beste ezertan ere. Gasteizko epaileari zerbait gogorra esan eta espetxera eraman zuten”.

“Han izan zen bitartean, ia egunero joaten ginen bisitan. Berrogeita hamar pezeta ordainduz gero, egun gehiagotan ikusten uzten ziguten. Denetatik ezagutu genuen egun haietan; bateko, zaindariak senarrari bisiten orduz kanpo pasatzen utzi zion; besteko, beste zaindari batek gomendatu zidan mutikoa ‘hezi’ nezan. Erantzun nion semea aspaldi hezia zegoela eta egun haietan bisitakoa ez nuela sekula ahantziko”.

Atxiloketaren aurreko hilabeteetan, Jon Pagazaurtunduak libreko matrikula egin zuen Deustuko Unibertsitatean eta ikasketekin batera hainbat lan egin zituen. “Udetan beti lanean aritu izan zen, mendian pinuak botatzen, edo beste edozertan. Azken garaietan –adierazten du lagun batek- arkitekto bulego batean ari zen lanean”.

Parisetik bueltan, ingurukoek aldaketa antzematen diote Joni. “Erradikalagoa zebilen eta, ETAn zebilenik igarri ere ez egin arren, hurbil zebilela susma zitekeen.” Dena dela, betiko bizimodua darama lagunen aurrean, lantzean behin ohikoak zituen eztabaida haietako batean parte hartuz. “Ez zigun inoiz bere konpromisoa hain estua izan zitekeenik pentsatzeko biderik eman. Hil ondoren, pasadizoren bat kontatu ziguten. Adibidez, behin taberna bateko komunean zegoen, lagun bati pistolaren erabilera erakusten. Tiro batek eskapo egin eta arrapaladan hanka egin behar izan zuen bertatik”.

Ustekabea eta dolua Laudion

Heriotzaren albistea bera eta inguruko zertzeladak kolpe bortitza izan ziren Laudion. Familiak ez zuen berria zenbait ordu pasatu arte jakin, goizaldean Guardia Zibila etxera sartu zenean. “Urte askotan ibili zen meza laguntzen eta ezin izan zuten bere alde mezarik egin. Guardia Zibilak aipamen txikiena ere egitea debekatu zuelako; apaizak ezin izan zuen hildakoaren aldeko hileroko mezan ere sartu”, kontatu du amak.

Lagunek berri bezala dute albistearen oroitzapena. Ustekabekoa izan zen zeharo eta horrek agian dolua areagotu egin zuen. “Herriko zenbaitek ezin zuten asmatu hildakoa nor zen. Neronek ere, Pagaza izena erabiltzen ohitua, hildakoetako bat Joan Luis Pagazaurtundua zela entzun nuenean, ez nuen haren izenarekin lotu”.

Egiazki, urte batzuk lehenago sartu zen Jon ETAn, lehenik adar kulturalaren barruan, eta ondoren V. Biltzarreko adar militarreko komando batean. 1973ko azaroaren 28an, Joxe Etxeberria Beltza kide liberatuarekin batera zegoen auto baten barruan. Beraiekin zekarten bonba, erloju sistemak behar baino lehenago leher egina, bion gorputzak desegin zituen Areetako Lope de Vega kalean.














 




Jon Pagaza



Txapela jantzita ibiltzen ohi zen



Seminario garaian

  

Oroigarria


Areeta, hil zen lekua

 
 


  Gurekin harremanetan jartzeko : info@barrutik.org

  Debian GNU/Linux