|
1.
Biografia (Txalaparta argitaletxeak kaleratutako EUSKADI TA ASKATASUNA
bilduma)
Santi
Brouardek bururatzen zitzaizkion susmo guztiak azaltzen zizkion Xabier
Galdeanori, Donibane Lohizuneko etxera bisitan joaten zitzaion
bakoitzean: «Ez
zaizkit batere gustatzen etxe honek dituen sarrerak; oso kokagune
arriskutsuan
dago». Eta
Xabierrek eta Maribek -emazteak-, Brouardek kezka azaltzen zien
bakoitzean,
gauza bera erantzuten zioten beti: «Berdin da; harrapatu nahi
baldin bagaituzte,
etxean ez bada beste edozein lekutan egingo dute».
Handik
oso gutxira gertatu zen ezbeharra, Donibane Lohizuneko Urdazuri auzoan
hain
zuzen, bizi zen etxetik oso gertu.
Xabier
Galdeanok bazekien zer jartzen zuen
arriskuan: «GALek Santi
Brouard hil eta oso denbora gutxira -gogoratzen du Maribe Prietok,
Galdeanoren
emazteak-, hurrengoa Xabier izan zitekeela susma zitekeen
erraz». Bikoteak
oso asumitua zuen: «Gure
girotik aldenduz gero, haiek nahi
zutena, gu baztertzea alegia, lortuko zutela hegi bistakoa
zen». Xabierrek
ez zuen zalantzarik: «Baztertu
baino, nahiago dut aurrera
jarraitu. Arriskatu
egingo naiz. Azken
finean, nere bizitzak, ez luke batere zentzurik ezkutuan eta ahal
dudana eskaini
ezinean ibili beharko banu».
1985eko
martxoaren 30ean Galdeano bere eguneroko zereginetan ziharduen. Bezperan Les
Pyrénees kafetegiaren
kontrako atentatuan zauritu zituzten
errefuxiatuak bisitatu zituen lehenik, eta arratsaldean, GALen ekintza
berri
honen kontra protestatzeko antolatu zuten manifestaldira joan zen
Baionara. Maribe
Miarritzen utzi eta bere
bi alabak eta
Hotz bere zakur fidela
hartu eta manifestaldiko argazkiak egin zituen, gero Egin egunkarira
igortzeko. Carmen
alabari bromak egiteko
betarik ere izan
zuen: «Egidazu niri ere
argazkia», esan zion alabari argazki kamera eskaintzen zion
bitartean, «'Gogoan
zaitugu' jarri behar didatenerako».
Baita
halaxe egin ere. Handik
gutxira, bi alabak
erositakoak etxean
uztera joan zirelarik,
broma hura herio-dantza bilakatu zen.
Carmenek
eta Begok goitik, etxetik bertatik
entzun zituzten tiroak. Hotz,
lekuko
bakarra, jabearen gorpuaren
ondoan gelditu zen, isilik. Odoletan
blai
zegoen Galdeano.
Bilboko
enpresaria
1934ko
ekainaren 15ean sortu zen, Bilboko familia burges batean. Mundu enpresarialerako
hezi zuten. Urteak
egin zituen Galdeano Hijos famili
enpresan lanean. Gurasoak
nazionalistak
izaki, bolada luze bat
pasatu zuen familiak Ipar
Euskal Herrian, Xabier oraindik oso txikia zela.
Bueltan,
aitak eraikuntza enpresa familiarrari
heldu zion berriro, eta
Xabierrek, bitartean, Ekonomia ikasi zuen josulagunekin lehenik eta
Madrilen
ondoren.
1961ean,
familiaren enpresan lanean jada, Xabier Maribe Prieto Algortako familia
akomodatu bateko alabarekin ezkondu zen.
Hamarkadaren
amaierara arte, beren bizimailak
agintzen zuen moduan bizi
izan ziren, lana kirola eta bidaiekin tartekatuz.
Txikitatik
ikasitako sentimendu nazionalista
barnean zeramaten. Ez
zioten, ordea,
ezeren gainetik jartzeko
moduko garrantzia ematen: «Nazionalistatzat
geneukan geure burua -dio Maribek -.
Baina
Aberri Egunean edota Eguberrietan ikurrin batez apaindutako opilaren
aurrean «Gora
ta gora» kantatzea zen nazionalismoaren izenean egiten genuen
ia
bakarra. Moralki,
gerran galtzaileak izan
ziren
horietariko batzuk ginen gu ere,
baina ezer ez zitzaigun falta. Urrun
utzitako zerbait zen guretzat
nazionalismoa. Gure
inguru eta giroan
sekula ez zen gai hori
aipatzen».
ETAko
kide bati babesa
Bego
alaba zaharrena ikastolara joaten hasi zenean familiakoak estu lotu
ziren
mugimenduarekin. Xabier
Galdeanok bidaia
ugari egin zituen
Madrilera, Espainiako Hezkuntza
Ministerioak ikastolei baimena emateko tramiteak arintzeko ahaleginetan. Handik gutxira, 1968an,
Maribek eta Xabierrek
ordura arte igerri gabeko
errealitatea azaldu zitzaien begien aurrean.
«Eskiatzen
ibiliak ginen eta bueltan, Poliziarengandik ihesian zebilen pertsona
bat topatu
genuen etxean. Familiako
batek ekarri
zuelarik, amak babesa
eman zion gurean. Gu
beste modu batekoak
izanik ere, kanpoan
beste mundu bat bazela
erakutsi zigun hark. Gure
nazionalismoa
ulertzeko modua erabat
erosoa eta irreala zela
erakutsi zigun. Gure
bizimodua erraza zen,
egia da, baina
kanpoan gertatzen zenarekiko
sentsibilitate handia geneukan, eta inguruan gertatzen zena ulertzeko
ahalmenik
ere ez zitzaigun falta».
Hala ere,
Maribe Prietok aitortzen duenez,
«Egoeraren giltza zein izan
ote zitekeen guztiz arrotza zitzaigun.
Gaur
egun, barregarria egiten zait pertsona
hark bestaldera pasatzen
laguntzeko eskatu izana. Ni
prest agertu
nintzen laguntzeko. Algortan
autoa hartu
eta zubia zeharkatu
genuen... ibaiaren bestalderaino.
«Ez, ez da hemen», erantzun zidan,
«bestaldea esaten
dudanean Ipar Euskal
Herriaz ari naiz». Harri
eta zur
gelditu nintzen, baina eraman
egin nuen».
Egin
izeneko proiektua
Denborak
aurrera jo ahala, bere konpromezu maila handitzen joan zen. Militante asko eta asko
pasatu ziren Xabier
Galdeanok Algortan zeukan
etxetik. Konpromezuaren
garapen honetan, ezker abertzalearen mesederako izango zen proiektu
ideologiko
baten ideia sortu zen 1976an: Egin egunkaria.
Ideia
mamitzen hasi bezain pronto, Galdeanok irriki handiz lagundu zuen,
azpiegitura
antolatzen, batipat. Haren
lokalean
jorratu zen Egin proiektua
errealitate bilakatu aurreko
kanpaina. Eta
gainera, Juan Mari Arregi kanpainako Bizkaiko arduradunari prozesuan
aktiboki
parte hartzeko gogoa azaldu zion. «Hasieran, herrietan egin
beharreko
bisitetara elkarrekin joaten hasi ginen.
Handik
gutxira, laneko zereginak bukatuta eta
traje dotorea kentzeko
denborarik hartu ere egin gabe, afitxak itsasten eta propaganda
banatzen
laguntzen zigun».
1977ko
irailaren 29an Egin egunkaria plazaratu egin zen azkenean. Handik hilabete gutxira,
Bizkaian ordezkari
komertziala izendatzeko
premia nabarmendu zelarik, Galdeanok berehala onetsi zuen ardura horren
inguruan
egindako proposamena. Supituan
enpresa
utzi eta buru belarri jarri
zen egunkarian lanean.
Handik
urtebetera sekula ezagutu gabeko unerik larriena heldu zitzaion Egin-i. Mili-en
eta
polimili-en 1974eko eszisioak
eta Erreformaren lehenengo
hauteskundeek mundu politikoa erabat baldintzatzeak eragin handia izan
zuen
aipatu egunkarian. Egin-en
kontrolaren
inguruan sortutako lehia
egoera ekonomiko larriarekin
batera egokitu zen. Bertako
langileen
grebak behin betirako
zapuztu zezakeen proiektua.
Larritasun
hartan, Galdeano Hernanira, Egin-eko egoitza zentralera eramatea
erabaki zuten. Xabier
Irigoien orduko
kontseilari
ordezkariarekin batera, egunkaria
altxatzeko diru bilketari ekin zion.
Herriz
herri emandako hitzaldien ondorioz,
helburua lortu ahal izan zen.
«Enpresa bateko buru izatetik -laburbiltzen du Juan Mari
Arregik-
Egineko
militante bilakatu zen Galdeano».
Esfortzu
hura ezagutu zutenentzat, egunkarikoak bertakoak izan edota kanpokoak
izan,
Galdeano langile fin, nekaezin eta isila izan zen.
«Txinaurrien
modukoa zen,
euskorra eta etenik gabea, protagonismoaren harrokeriaren atzaparretan
erori
gabe bere buruari ezarritako helburua lortzen zuen.
Pragmatikoa zen, urrats bakoitzeko
zereginen
aurrean efikazia bilatzen
zuen, eta ikuspegi zabalekoa izanik ere tinko eusten zien bere
printzipioei».
Jose
Miguel Beñaran Argala-ren hiletetan
Arrigorriagara sartu ahal izan zuen azkenetakoa izan zen bera. Bere argazki makinaz
lagundurik, oso gutxik
ikusi ahal izan zuten
omenaldiko uneak paratu zituen paperean.
Maribek,
Argalaren heriotzak sortarazi zion mina gogorarazten digu:
«Bi
egun lehenago
berarekin egon ginen. Lur
jota bueltatu
zen hiletetatik. Xabier
oso lasaia eta
orekatsua zen, baina gau
hartan, ohean zetzala,
negarrez ikusi nuen lehendabiziko aldiz».
1979an,
bueltan zetorrela, poliziez inguratuta topatu zuen bere etxea. Ihes
egitea otu
zitzaion lehendabizi, baina bertan behera utzi zuen burutapena. Ordukoak geroztik azaldu
zizkion emazteari:
«Ihes egin izan banu, zu
eramango zintuzketela konturatu nintzen eta etxean sartzea deliberatu
nuen». Komisaldegian
hamar egun egin
ondoren,
Basauriko espetxean sartu zuten. Baldintzapeko
askatasunean irten zen
presondegitik, baina epaitu zutenean
urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Garai
hartako egunkarietako kronikek oso ongi adierazi zuten ETAri laguntzeaz
epaitu
behar zuten bat Madrileko Entzutegi Nazionalean traje eta korbataz
jantzita
agertzeak sortu zuen harridura: «Xabier Galdeano dotore
jantzita» zegoela
nabarmendu zuten Espainiako hiriburuko egunkari batek baino gehiagok.
Beste
aukerarik gelditzen ez zitzaionean bakarrik baztertzen zuen jendaurrean
hitz
egiteak sortzen zion erreparoa. Egin-en alde
dirua bildu behar zenean erakutsi zuen erreparoak utzita zeukan
trebetasuna. Eta
baita Zizurkilen, Joxe
Arregiren
omenaldian familiak hilkutxa
zabaltzeari uko egin zionean. Orduko
hartan, hilkutxa zabaltzea legezkoa ote
zen edo ez erabakitzeko,
Galdeanok bertan zirenen artean botazioa egitea proposatu zuen.
«Oso samur
mintzatu zen, euskaraz mintzatzen ez jakiteagatik barkamena eskatu
ondoren. Jendeak
txaloka erantzun
zion».
Presondegian
ezagutu zutenek ere planta baketsuko gizontzat zeukaten. Hitz egitea baino,
entzutea gustatzen zaien
horietakoa omen zen. Xabier
biharamunean
aske utzi zuten arren,
Maribe Yeseriaseko espetxean
giltzapetu zuten hainbat hilabetez.
Maribe
kaleratu eta oso denbora gutxira,
Guardia Zibila Galdeanotarren
etxean azaldu zen berriro. 1982ko urtarrila zen. «Hiru egun
egin
zituen La
Salveko koartelean. Lur
jota, belarriak
makur irten zen handik,
ulertzen zaila egiten den
beldurra hezurretaraino sartua zuen.
Hirugarren
atxiloketa zen, eta ezin genuen
horrela jarraitu. Urte
hartako udan Ipar
Euskal Herrira joan
ginen».
Analista
politikoa
Donibane
Lohitzunen bizitzen jarri zirenean, Galdeanok helburu garbia jarri zion
bere
buruari. Egin-en
presentzia hobe antolatu nahi zuen Ipar Euskal Herrian.
Bere etxea erabaki-gune bilakatu zen. Egunkariak eremu hartan
behar zituen zeregin
guztietan jarri zen lanean. Salmentarako
puntuen banaketa antolatzeko
ibilbideez bezala, erredakzio
lanez nahiz grafikoez ere arduratzen zen. «Ongi prestatuta
zegoen
-dio bertan
ezagutu zuen lagun batek-. Lasaia
eta
optimista, Euskal Herriak irabazi
egingo zuela ziurtzat jotzen
zuen. Ez
zuen sekula bozik altxatzen, ezta eztabaidarik beroenean ere. Bere kezkarik
nagusienetariko bat negoziaketa
lortzeko bidea asmatzea zen. Bere
analisi
politikoak komunikabideen
irakurketa ideologikoan
oinarritzen ziren.Trebea zen analisietan, eta bere ideiek pisu handia
zuten,
errealitatea biziki ongi ezagutzen baitzuen».
Kirolari
aparta, modalitate ugari gustatzen zitzaizkion -gazteagoa zenean rally
vasco-navarroko
txapelduna izan zen-. Jendea
erakartzeko
dohain berezia zuen,
berezkoa, eta lagunak inongo
esfortzurik gabe jartzen zituen lanean.
Laguntza
eskaini asmotan zebiltzan lagunak
edozein ordutan azaltzen ziren
Donibane-Lohizuneko etxean. Maribek
dioenez, «adin gutxiko jendea
ezagutzeak eta egunkarian zuen
zereginak gaztetu egin zuen. Etxea
bete
jende edukitzeak, errefuxiatuak
bazkaltzera nahiz lotara
etortzeak pozez betetzen zuen Xabier.
Hura
zen bere saltsa-maltsa: bere ametsetako
lekuan zegoen, hark maite
zituen lagunekin eta bere ustez egin behar zuena burutuz. Berrogeita hamar urte
zituela zoriontsua zen,
adin horretan gutxik
sentitzen dutena sentitzen zuen».
2.-
EGINeko Kontseiluen eta
langileen oharra (1985.03.30)
Administrazio eta Fundatzaileen
Kontseiluok eta Egin egunkariko langileok, Xabier Galdeano heriotzara
eraman
duen atentatuaren berri jakinda larritasunez bildurik, honako hau
adierazi nahi
dugu:
1.- Xabier
Galdeano Egin egunkariko
sortzaileetariko bat, Administrazio Kontseiluko kide eta azken aldi
honetan Ipar
Euskal Herriko gure ordezkaria zen.
2.- Bere
heriotza Egin-en kontrako
atentatu zuzena da, Egin boteretik urrun prentsa independiente baten
eraikitzeko
proiektu eta errealitatea den neurrian eta, gure Herriaren eskubide
nazionalen
berreskurapenerako borrokan, jende xumeak gehien estimatzen duen
komunikabidea
izaki.
3.- Egineko
Kontseiluok eta langileok
berretsi egiten dugu Xabier Galdeanok beretzat hartu zuen sinesmena.
Horren
lortzeko bizitza ere galtzera eraman zuten konpromezu guztiak asumitzen
ditugu.
Hernani,
1985eko martxoaren
30ean
3.-
BASEKO
GIZONA ZEN. J. Abiranetaren artikulua (EGIN 1985.03.31)
<>
Xabier Galdeano ez zen, prezeski,
elitearen inguruko
izarra. Ezta, sasipolitiko ahobero bat ere. Xabier ez genuen sekula
nabarmenen
podiumean ikusi. Ez zuen, halaber, zerrenda publikoetan agertzeko
aukerarik
izan, lanean gogor aritzeko sortzen ziren horietan ez bazen. Xabier
zeregin
neketsu eta arduratsuetan baitzegoen beti, jendearekin batera, isilik
eta tinko,
bere laguntza garrantzitsu eta apala eskaintzen.
Baseko
gizona zen.
Hitz topiko
eta erabili hori sinbolo batez definitzea
posible izango balitz, Xabier aipatu beharko genuke ezinbestean. Ziur
naiz hori
izan dela borreroak Xabier hiltzera eraman duten arrazoia: beren
setakeria
etsiak gure sustraia, gure Herriari eusten dion oinarria suntsitzera
eraman
baititu.
Baseko
gizona zen.
Atsegina,
lasaia, baketsua eta jostaria zen. Zentzuduna,
herriko kideenganako solidarioa eta intuizio bereziko gizona. Mahai
inguruko
solasaldi errazetan bezala bilkura inporbisatuetan aise moldatzen zen
horietarikoa. Herriaren arimarenganako sentibera, zorigaitzean bezala
zorionean
ere. Bat egin zuen alaitsua eta borrokan kementsua den herriarekin.
Baseko
gizona zen.
Horregatik
hil zuten.
J.ABIRANETA
4.-
EZ DA GAL
IZAN. Luis Nuñezen artikulua (EGIN 1985.03.31)
Atzoko
atentatua, herenegungoa eta
aurreko egunekoa bezala, sosez, armaz, bi estatuetako laguntzaileez eta
mertzenariz josia dagoen erakunde batek egina da. Existitzen den
terrorismo
bakarra, herriaren kontrako terrorismoa antolatzeko behar den guztia
dute
eskueran.
Euskadin,
aspaldidanik honantz, "inkontrolatuak"
deitzen diegu hauei. Horrelaxe, bere horretan, komatxoak eta guztia,
eta
zergatia ongi asko dakigu denok ere. Baina beste siglarik, beste izen
antzurik
ez dugu behar definitzeko.
"Inkontrolatuek" pagatzen
duten ahots anonimo batek, edo protagonismo eta nahsmen bila dabilen
batek
Santiren, Xabierren edota beste inoren atentatua Triple A, Batallon
Vasco
Español edo GALen izenean erreibindikatzeak ez du batere
garrantzirik. Ez du
ezertxo ere esan nahi.
Ez Batallon
Vasco Español, ez GAL, ez
dira ezer beren horretan. Izenik badute, deitura arloteak dira nahi
bada, baina
erakunde boteretsu baten zati ñimiñoak besterik
ez dira.
Erakundea ez dute
bataiatu, ezta sekula egingo ere, boterren arteko gurutzaketa
beldurgarri baten
sorkuntza baita. Honako hau mertzenari gutxi batzuek osatzen duten
azken muturra
bakarrik da.
Erakunde
indartsu hori badenik ez du
inork zalantzak jartzen. "Inkontrolatu" deritzon antolakuntza horrek
sustrai sakonak ditu. Eta Euskadi osoak daki, salbuespenik gabe, non
dagoen
patriotismo inperialistak -espainolak kasu honetan- antolatu duen OAS
delako hau,
erresistentzian dagoen herria, Euskal Herria alegia, beldurtzeko.
GAL flash
soila besterik ez da,
izaerarik gabeko alderdi soila. Ezer ez da. GALik ez dago.
"Inkontrolatuak" daude. Eta
ez ditugu uxatuko geure herrian KAS alternatiba ezarri arte.
Xabier,
lagun maitea, guztion adiskidea,
iraultzaile nekaezina, libratuko dugu herria "inkontrolatuen"
gaitzetik.
LUIS
NUÑEZ
|
|