|
JOXE
ETXEBERRIA SAGASTUME
JOXE
ETXEBERRIA Beltza
1951ko
uztailaren 30ean jaio, eta 1973ko azaroaren
28an hil zen, ETAko adar militarreko partaidea zenean. Amezketako
baserritar familia batekoa, denera hamabi nebarreba ziren. Ia osorik
jauntxo bakarraren menpe zegoen Goierriko herri txiki hartan pasatu
zuen haurtzaroa Joxe Etxeberriak, baserriaren eta eskolaren artean.
Joxek ez zituen sekula ahantziko Prudencio Lopez de Ipiña
izen-deiturak; eskola “nazionaleko” maisua zen eta
ikasleen
aurrean “euskaldunen artean euskaldunena” bezala
aurkezten zuen
bere burua, baina gero hamaika masaileko banatzen zituen euskaraz
hitz egiten entzuten zuen bakoitzean. Beste kolpe batzuk ere betiko
gogoratuko zituen Beltzak: guardia zibilek Aberri Egun batean
emandakoak, “gazte bihurriaren” itxura izateagatik
Poliziak
jotakoak, edota lan gogorra eta etengabea besterik ekarri ez zizkion
bizitzarenak.
Amezketa,
50etako hamarkadan, baserriari esker bizi zen, nekazarien eta
abeltzainen lanetik. Gipuzkoako herri txiki honetako jarduera
industrial bakarra paper fabrika batena zen. Joxe Etxeberria
Sagastumeren lagunek diotenez, txikitatik ederki zekien lana zer zen.
“Baserrian lan gogorra eta ugaria izaten zen eta apenas zuen
denborarik jolaserako. besteok kalean ginen bitartean, pilota jokoan
edo mendian korrika, haren etxean beti bazen lanen bat
egiteko”.
Altueraz
txikia zen, baina bere nebarrebek belarra sega handiaz ebaki nahian
gogoratzen dute. “Erreminta handiaz lan egitea gustatzen
zitzaion
baina, behar bezala ailegatzen ez zenez, izkinetan beti gelditzen zen
Joxeren arrastoa”.
Hamabi
nebarrebez eta gurasoez gain, baserrian osaba eta izeba ere bizi
ziren. Egunero, Joxe goizeko zazpietan jaikitzen zen, taloa gosaldu
eta herriko plazara jaisten zen jolastera. “Eskola goizeko
bederatzietan hasten zen eta horixe zuen jolasteko tarte
bakarra”.
Urte
batzuk aurrerago, Goierriko Lanbide Eskolara joan zen, eltzegintza
lanbidea ikastera. Ordurako, hamahiru urte zituela, istilu gogorrak
izana zen aitarekin. “Bietako bat etxean sobera zegoela
esaten
zuen, aita ala bera –kontatzen dute lagunek-. Hala erabaki
zuen
ikastea lanpostua aurkitu ahal izateko eta hortxe hasi zen bere
bizimodua aldatzen”.
Hazten
doan neurrian, bere kontzientzia nazionalista ere goraka doa. Erabat
modu berezkoan, inguruak ere horretara bultzatu zuen eta. Euskararen
aldeko jarrera, batez ere, oso garbia zuen. “Beharbada
–lagun
batek dioenez- euskaraz hitz egiteagatik txikitan jaso zituen
zaplazteko ugarien ondorioz”.
1964ean
koadrila osoa Gernikako Aberri Egunera joan zen. Guardia Zibilak
itxita dauzka herri bizkaitarrerako sarrera guztiak, baina Joxe eta
bigarren lagun bat mendiz pasatzen saiatu ziren. “Guardia
Zibilek
ikusi eta jipoi handia eman zieten. Ondoren, Gernikara iritsitako
autobusetan Ondarroara joateko deia egin zuten, eta han egindako
manifestazioan beste egurraldia jaso zuen. Orduan izan zen
–dio
berton izandako batek- pistola bat lepoan jarri ziguten lehen
aldia”.
Burgoseko
epaiketaren eragina
Burgoseko
epaiketaren garaia da. Epaiketa horren inguruko guztia atentzio
handiz jarraitzen dute Goierrin eta Beltza eta bere lagunentzat
egiazko ziztagarria gertatzen da. “Eskolan, kalean eta etxean
gai
nagusia izaten zen hizketarako, eta orduantxe deitu zituzten
garrantzizko lehen manifestazioak”.
Mugimendu
horren ondorioz Oargi elkartea sortzen da Amezketan. Kirol eta
kultura helburuak zituen elkarte hau herriko gazteen bilgunea izango
da, filmak ikusteko, hitzaldietan parte hartzeko edota mendira
ibilaldiak egiteko. “Joxe ongi moldatzen zen Oargin
–adierazten
du bazkide izandako batek-, oso mutil umila eta langilea zen”.
Pilota
partiduak dira Joxeren lasaialdi ohizkoenak, baina gehien maite duena
mendian ibiltzea da. Ibilaldi neurtu askotan lehiatzen da eta zenbait
sari ere irabazten ditu. “Azkarra, iaioa eta indartsua zen.
Mendia
berezko tokia zuen; hantxe ibiltzen zen gustura”.
Zenbait
urte beranduago, Herri Gaztedi ere sortzen da Amezketan eta Joxe
Etxeberria, taldeko partaidea delarik, izaera politiko handiagoko
bilkuretara joaten da. Antolatzen diren eztabaidak, herri dinamikaz,
erakundetzeaz edo sexualitateaz izan ohi dira.
Ezkutuko
lehenengo bilerak
Erakunde
klandestino batekin daukan lehen kontaktua 1968an izan zen. Gauez,
anaia etxera etortzen ikusi du, besapean paper mordoa daramala.
Zerbait politikoa dela susmatzen du, eta irakurtzen uzteko eskatzen
dio. EGIren esku-paperak dira eta handik aurrera bera ere mendian
izaten diren ezkutuko bileretara joaten hasten da.
Oraindik
Lanbide Eskolan ari da ikasten, giroa oso nahasia da eta Joxe
Etxeberria, Tolosan eta Donostian antolatzen diren manifestazio
guztietara joaten da.
Joxe
aitarekin batera mendian intxaur biltzen ari den arratsalde batean,
eztabaida gogorra bizten da bion artean. Inork ez daki zertaz izan
den eztabaida, baina Joxek segituan Tolosara joan eta gaueko
lanpostua aurkituko du.
Ikasketak
bukatuta, Irizar autobus enpresan lanean hasten da. “Laneguna
bukatzen zuenean, beti baserrira joan eta hango lanetan laguntzen
zuen. Oso gaztetatik ikasi zuen bere erantzukizunei aurre
egiten”.
Lana
eta gero, trikitixa
Amezketatik
trenez joaten da lanera eta bidaian zehar baserrian egin beharreko
lanen zerrenda egiten du, ondoren herrira jaitsi eta lagunekin
egoteko denbora izango ote duen kalkulatzeko. “Inguruko
jaietara
joaten ginen, neskei dantzan eskatzera, zer edo zer edatera eta, Joxe
batik bat, trikitixa dantzatzera. Soinu txikiaren doinua entzun
orduko plazara salto egiten zuen, ‘hau da gurea’
oihu eginez”.
Aldian
behin parranda luzeak egiten zituzten eta lagun batek Tolosako
jaietan Joxek egindako “balentria” gogoratzen du.
“Goizaldeko
bostak ziren eta, gaupasa egiteko baimenik ez genuenez, Amezketara
joateko motorra bat hartzea bururatu zitzaion. Biharamunean, etxean
lo egin ondoren, hartu genuen toki berean utzi genuen motorra. Gau
hartan esan zidan, sekula ez dagoela jakiterik hurrengo egunean zer
egingo den”.
Lagunartean
Beltza deitzen diote,
larruazalaren kolore
ilunagatik. Bere
itxura garai hartako gazte bihurriena izaten zen, ile luzea eta jazki
zaharrak, eta horrek arazo bat baino gehiago ekarri zizkion.
“Egun
batean Iruñeko Sanferminetara gindoazen autobusez, eta
kontrol
batean jaitsi arazi egin zioten. Poliziek furgoian sartu eta
denetatik garrasi egin zioten: ea txima haiekin zer gertatzen zen eta
benetako musika entzun ahal izango zuela masaileko pare
batekin”.
Beltzak,
hitz egin baino entzutea maite zuen. Behin baino gehiagotan harritu
zituen lagunak: “Pisuko giltzak eskatzen zizkigun, eta
abisatu gabe
neska batekin azaltzen zen gaua pasatzera, munduko gauzarik
naturalena balitz bezala. Bera lotsatu ordez, geu izaten ginen zer
esan jakin gabe gelditzen ginenak”.
“Basoerdiak
edatea atsegina zitzaion –diote-, baina ez edan alde, erronda
askotan ez baitzuen ezer eskatzen, sortzen zen hizketa eta tertulia
giroagatik baizik. Adin nagusiagokoekin berriketan hastea ez zitzaion
batere kostatzen”. Izaera lasai eta erreflexiboduna bezala
jotzen
dute lagunek, nahiz eta “haserretzen zenean, ez sinesteko
moduko
jenio txarra izaten zuen”.
Joxe
euskalduna da eta antzeman egiten zaio, baina ez dio konplexurik
sortzen gazteleraz hitz egiteak. Lagun batek Bartzelonan egindako
oporraldia gogoratzen du: “Rambletan ginen eta, irribarre eta
txantxa artean, antzerki bat egitea bururatu zitzaigun. Bi autoak
kale erdian jarri eta, istripua izan bagenu bezala, elkarrekin
diskutitzen hasi ginen, garrasika eta euskaraz. Jendeak ez zuen tutik
ulertzen eta zein atzerritakoak izango ote ginen komentatzen zuten.
Txantxari eutsi genion udaltzainak etorri arte. Azkenean, jendaurreko
eskandaluagatik gaua leotzean pasatu genuen, baina ez zen hain ataka
txarra izan, Amezketako jaietan askotan lo egiten baikenuen mendiko
bordan”.
San
Pedroko jaietan, Amezketan, Joxek eta beste lagunek Txindoki puntara
igo, eta ikurrina jarri zuten bertan. Egun batzuk beranduago, Guardia
Zibilak deskubritzearen arriskuaz, Txindokitik jaso eta Larraitzera
aldatu zuten ikurrin bera.
Bere
joera politikoaren eraginez, ETAko jendearekin harremanetan hasten
da. Erakunde berriak agintzen dizkion lehenengo lanak ikurrinak jarri
eta propaganda banatzea izango dira. Prestaketa ikastaroetan parte
hartzen du eta, ematen zaizkion materialez gain, Historiako liburu
ugari irakurtzen ditu. Eltzegin bezala lanean ari da eta lanbide
horri esker jende asko ezagutzeko parada dauka Goierri osoan.
Kontzientziaz
egindako aukera
Inguruko
ezagunei ez zitzaien harrigarria izan Joxe ETAn militatzen hastea.
“Jaietara joan eta paparrean ikurrina eramateagatik egurra
jasotzea
eguneroko ogia izaten zen, eta herri honetako partaidea sentitzen
zenak berehala murgiltzen zen kaleko borrokan. Gainera, Joxek
ikasteko gogoa zuen, pertsona bezala aurrera jotzekoa eta garaia
hartan politikoki formatuagoa ikusten zitzaion”. Bere beste
lagun
batek azpimarratzen du ETAn sartzeko erabakia ongi pentsatua eta
kontzientziaz egindakoa izan zela. “Oso gauza kontsekuente
bezala
ikusten zuen bide hura segitzea”. ETAn hasi ondoren ezagutu
zutenek, jendearekin tratatzen bazekiela nabarmentzen dute.
“Oso
hotza zen eta honek beste militanteei konfiantza ematen zien”.
Behin
aitak pistola bat aurkitu zuen Beltzak gordeleku bezala erabiltzen
zuen belar meta baten barruan. “Aitak oraindik gerra garaiak
zituen
buruan, eta ikaratua zegoen Polizia joango ote zitzaien. Joxerengana
joan eta bat-batean esan zion ‘komunisten kontu
haiek’ pikutara
bidaltzeko”.
Hemeretzi
urte dituenean, Beltza ETAko komando bateko burua da, eta Poliziak
aurkitu egiten ditu ekintza bat prestatzen ari direnean. Amezketatik
eskapo egin beharra dauka eta badoala adierazten dio aitari, belarra
metatzen laguntzen ari zaion bitartean.
Iparraldera
iristen denean, aski garbi dauka ETAn izandako hausturan zeinen alde
egin. Amezketako borda batean egindako bileretan asko eztabaidatu
dute horretaz eta jokabide zuzena V. Biltzarrarena dela pentsatzen
du.
Adar
militarrean sartzen da. Ekintzako gizona da, baina odolaren beroa
epeltzen saiatzen da eta uste du prestaketa teknikoa ezinbestekoa
dela, edozein hutsegite bazter batera utzi ahal izateko.
Lehenbailehen
Hegoaldera joan nahi du eta, hasieran erraza ez bazaio ere, azkenean
Ibar Ezkerreko arduradun gisa abiatuko da. Garai hartako ETAkideek
gehien gogoratzen dutena, haren antolatzeko gaitasuna da.
1973ko
azaroaren 28an, Beltza eta ETAko beste militante bat, Jon
Pagazaurtundua, ekintza bat prestatzen ari dira Areetan. Auto batean
leherkari bat jarri nahian dabiltzanean, bonbak eztanda egin eta bi
etarrak bertan hiltzen dira. Joxe Etxeberria Sagastumek 22 urte
zituen hiltzeko unean.
|