Hasierako orrira
Getxoko presoak
Jabier Gallaga
Iñigo Otazua
Marian Perez
Txetxu Fernandez
Iñaki Gonzalo
Albaro Arri
Manex Zubiaga
Jagoba Terrones
Anjel Figueroa

Hildakoak
Luis Maria Zuluaga
 Aitor Elortza

Helbideak

oihu@ buletina
oihu@
fitxategia: buletin guztiak
fitxategiko aurkibidea
harpidetu

Dokumentuak
Dokumentuak

Loturak
Loturak

aurki
google
 



12.- EPPK: apirilaren 1ean, denok Bilbora! (2006ko martxoan)
11.- EPPK: Agur eta ohore, Igor eta Roberto (2006ko martxoan)
10.- EPPK: Agur eta ohore, Jose Angel (2005eko azaroan)
9.- EPPKren gutuna, Nazio Eztabaidagunean (2005, urriak 8)
8.- EPPKren agiria, "Patxi Zabaleta, pertsona non grata" (2005, maiatzak 26)
7.- EPPKren agiria, "Ongi etorri Euskal Herrira, emakume martxa! (2005, maiatzak 23)
6.- EPPKren agiria, gose grebaren amaiera dela-eta (2005, martxoak 27)
5.- EPPKren agiria, gose greba hasi dutela-eta (2005, martxoak 15)
4.- Argi Perurena, EPPKren mintzakidea (2005, martxoak 8)
3.- EPPKren agiria, Europako itunaren gaineko erreferendumari buruz (2005 otsaila)
2.- EPPKren agiria, burrukaldi berriari buruz (2005 urtarrila)
1.- EPPKren agiria, Karmele Solagurenen heriotzari buruz  (2004 abendua)
 


12.- EPPK: apirilaren 1ean, denok Bilbora! (2006ko martxoan)

EPPK-ren agiria

Ohar honen bidez, atxikitzen gatzaizkio apirilaren 1ean Bilbon izango den mobilizazio garrantzitsuari. Konponbide de- mokratikoaren alde mobilizatuko diren eragile eta herritar guztiekin bat eginda, euskal preso politikook ere «Euskal Herria, erabakia eta adostasuna» azpimarratu nahi ditugu.

Gure herriaren alde lan eta borroka egin izanagatik espetxeratuak izan garen euskal herritarrok tematzen gara ibilbide horretan. Kolektibo bezala, segitzen dugu euskal gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko auzo- lanean, hala nahi duten euskal eragile guztiekin. Hau da, autodeterminazioa eta lurraldetasuna oinarri eta amnistia osoa ondorio hartzen dituen konponbide demokratikoaren alde.

Ez digu inork oparituko askatasuna, borrokaren bidez lortuko dugu. Borroka luze eta latzaren bidez egungo eszenatokira iritsi garen heinean. Konponbidearen atea irekita dago. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ahalbidetuko duen prozesua abiatu da. Euskal eragile guztion grina eta ahalegin serioa behar dugu, prozesuak aurrera egingo badu. Euskal herritar guztion indarra metatu behar dugu, Euskal Herriak hitza izango badu. Epelkeria eta alderdikeriek ez dute tokirik tenore horretan. Herri bezala jokatzen ez duena ez da herri honetakoa, alabaina.

Izan ere, dei egiten diegu euskal herritar guztiei Bilboko manifestazioan parte har dezaten. Eta manifestazio honetan bezala, prozesu osoan inplikatzeko, herri indar erraldoi eta geldiezina osatuz Euskal Herriaren alde. -

Euskal Herrian, 2006ko martxoan



11.- EPPK: Agur eta ohore, Igor eta Roberto
(2006ko martxoan)

Agur eta ohore, Igor eta Roberto!

Igor Angulo eta Roberto Sainz del Olmo gure presokide eta lagun maiteak akabatu ditu espainiar espetxe politika kriminalak. Honezkero, heriotza zerrenda luze bezain beltz horrek 21 euskal preso politiko kolpatu ditu. Modu berean, gure hamasei senide eta lagun ditu hilotz utzi. Haien espetxe politika gerra klabean, sarraskian, triskantza politikoan, oinarritzen segitzen baitute Gobernuek. Ez dago beste azalpenik.

Igor eta Robertoren sendiei helarazten diegu gure doluminik sentituena, gure adore eta maitasuna. Jakin ezazue haiek maite genituen bezala, zuek ere maite zaituztegula. Harro gaudelako Igorren eta Robertoren borroka ibilbideaz. Harro espetxeari aurre egiten zioten moduaz. Eta harro, azkenik, zeuek, senideok, heriotza horien au- rrean erakutsitako duintasun eta kemenaz. Biba Igor eta Roberto! Biba zuek! Iritsiko da Igor, Roberto eta gainerako presokide hildakoak omentzeko eguna: Euskal Herriaren garaipen eguna, alegia.

Espetxeak eragindako heriotzak ez dira sekula izaten ka- sualitatea. Ez dira heriotza naturalak, ez eta gertakizun tamalgarriak, hilketak baizik. Heriotza horien guztien oinarrian badelako espetxe politika kriminala. Moldez, gure eskubide guztiak urratzen dituen politika zapaltzailea eta, helburuz, euskal askapen borroka baldintzatu nahi duen espetxe politika baita.

Presook, gure senideak eta bizitzen dugun espetxe egoera erabiliz etekin politiko bat aterako dutelakoan, jarri izan dituzte indarrean espetxe politika zapaltzaile ezberdinak urteotan, zein baino zein krudelagoa. Hala Euskal Herritik aldentzea, segurtasun gorenezko espetxeak, erregimen militarizatuak, isolatze politikoa, nola dispertsioa. Azkena, dispertsioa, luzeen mantendu duten eta sufrikario handiena eragin duen espetxe politika da, ez zuela etekin politikorik emango hastapenenean bertan agerian geratu bazen ere.

Inoiz pentsa liteke dispertsioarekin espetxe politika zapaltzaileek gaina joa zutela. Hara non, ordea, berau osatzera datorren espetxe politika zahar-berria trinkotzen ari den: bizi arteko espetxealdia hain zuzen. Aurrekariak badira eta espetxe politika hau ez da sortu egun ba- tetik bestera. Aldiz, aspaldian ari ziren euskal preso politikoon espetxealdia laburtzeko eskubidea zangotrabatzen espetxez espetxe. Espainiar Kodea berriztatu eta 40 urteko espetxealdi laburtu ezina jarri zuten indarrean. Frantziarrak lehendik arautzen baitzuen bizi arteko zigorraldia. Zaintza Epaitegi Zentrala sortu eta Bermudez jauna bezalako epaile faxista baten esku utzi zuten. Oinarrizko gure eskubideak bermatu ez eta Kode zaharraren eraginpean geratzen ginenontzat ebazpen petralak hartzen hasi zen. Enrike, Lobato, Iñaki, Unai, Filipe eta beste hainbeste, kate luze eta astun bereko begiak baizik ez dira. Azkenik, erredentzio oro indargabetu dute Espainian ebazpen judizial berri baten bidez.

Presook espetxean bertan usteldu behar dugula esan zuen Aznar faxistak. Paris eta Madrilgo gobernuek urrats eragingarriak ematen dituzte norabide horretan. Euskal Herriaren alde jarduten duten guztientzako mezu argia da: Estatu biek preso gaituztela betiko. Bizi arteko espetxealdiak indarra hartu du, ondorioz. Dispertsiotik harago joan nahi duen espetxe politika berria bada. Helburua, ordea, betikoa: askapen prozesua baldintzatzea espetxe politikaren bidez. Euskal Herria aukera berri baten aurrean dagoela, gatazka betikotzeko nahia erakusten dute egungo mandatariek. Ez baita gatazkarik konponduko preso eta iheslari poitikoen afera bideratu gabe. Gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidearen errespeturik gabe konponduko ez den bezalaxe.

Ez daitezela tronpa mandatari mendekuzale horiek, gure Kolektiboak apostu garbi eta tinkoa egin du konponbide demokratiko baten alde. Hau da, Euskal Herriaren lurraldetasunean eta autodeterminazio eskubidean oinarritzen den konponbidearen alde. Apostu horri eusten diogu, bai eta, Igor eta Roberto gogoan, indar biziagorekin eutsiko ere. Bizi arteko espetxealdiarekin, heriotzarekin berarekin, ordainarazten badigute ere, Euskal Herriaren aldeko apostuari eta gure borroka tokiari helduko diogu.

Ez daitezela tronpa Espainiazaleak eta autonomiazaleak ere, gure herria zatitzen duen autonomiaren kudeatzaileak beharbada. Pairatzen dugun espetxe politika kriminalaren sostengu ezinbestekoa izan dira urte lu- zean, eta orain, autonomiaren izenean hain zuzen, zipaio armatuak erabiltzen dute kupidarik gabe Igor eta Robertoren heriotzengatik dolua erakusten duten herritarren kontra. Madarikatuak halakoak !

Biziki txalotu eta eskertzen dugu, bestalde, herritar anitzek egunotan egin duten dolu adierazpen zintzoa eta eman duten erantzun irmo bezain ereduzkoa. Sinetsita baikaude: espetxe politika kriminalari buelta emango zaiola, herri presio iraunkorretik eragiten bazaio. -

2006ko martxoa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa


10.- EPPK: Agur eta ohore, Jose Angel
(2005eko azaroan)

Jose Angel Altzugune, «Kotto», akabatu du espainiar espetxe politikak, dispertsioak alegia. Berriki atxilotu eta espetxeratu zuten zigorraldi osoa betearazteko. Guardia Zibila erabili zuten horretarako, neurrigabeko presioa eraginez. Espetxeratu berritan, Soriakora aldatu eta gure presokideak behar zuen tratamendua emateari utzi zioten. Ondorioa: heriotza!

Doakiola Jose Angelen sendiari gure doluminik sentituena. Une latz hauetan, euskal preso politiko guztiok nahi dugu zuen ondoan izan, gure maitasun eta berotasuna helaraziz, hitzez zein ekintzez. Eta halaxe iragarri-ko dugu ondorengo egunotan espetxe guztietan.

Samindura eta amorru bizia besterik ez dugu sentitu, gure kide eta lagun maite bat galtzen dugun bakoitzean egiten dugun bezala. Samindura eta amorrua, kasu gehientsuenetan ekidin daitezkeen gertakizun mingarriak direlako. Zenbaitetan ere iragar daitezkeelako. Izan ere, horrelako gehiagorik gerta ez dadin bidea bakarra eta jakina baita: euskal presook Euskal Herriratzea, gure estatus politikoa indarrean jarriz, gure eskubide guzti-guztiak errespetatuz.

Jose Angel, eta hura bezala beste hemezortzi euskal preso politiko, erail duen dispertsioa, alabaina, ez da jaberik gabeko morroia, proiektu politiko konkretu bati atxiki zaion espetxe politika baizik. Espetxe administraziotik harago, Euskal Herriari izateko eta erabakitzeko eskubidea ukatzen diotenen artean bilatu behar ditugu Jose Angelen heriotzaren erantzuleak.

Bakea hitzetik hortzera ibili bitartean, gure herriaren eskubideen ukazioan, gerra estrategian eta espetxe politika kriminalean ezarrita azaltzen direnen artean ez beste inon bilatu behar ditugu erantzuleok. Gure herria zatitzen duten autonomiazaleen artean eta autonomia berriztatu nahian dabiltzanen artean ere bai.

Horiek guztiek har- tu izan dute dispertsioa aintzat noiz edo noiz, etekin politiko bat lortuko zutela- koan. Horiei guztiei adierazten diegu, beraz, ez dugula amo-rerik emango gure herriaren aldeko askapen-borrokan. Heriotzaz ordaintzea- gatik ere, Euskal herriaren aldeko lan eta borrokari eutsiko diogu.

Kari horretara, ozen aldarrikatzen dugu prest gaudela orain arte bezalako ahaleginak egiten segitzeko, gure herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea oinarritzat jotzen duten guztiekin elkarlanean. Hortaz, euskal preso politikook Euskal Herrira ekarri eta gure estatus politikoa indarrean jarri beharra dago, baldin eta gure ekarpenik emankorrena izango bada.

Alta, ozen ere diogu ez dugula lagunduko inongo abentura autonomiko zahar-berririk. Ez diegu indarrik batere emango herri bezala estatu arrotzen menpe hartu nahi gaituzten proiektu politi-koei. Epetxeetan ere gure borroka tokiari eutsiko diogu, eta nork bereari eutsi diezaiola deialdia egiten dugu, harik eta Euskal Herria bere buruaren jabe ez den artean. Jose Angel eta gainerako presokide hildako guztiei egingo diegun omenaldirik hobe- rena garaipena izango baita.

Agur eta ohore, Jose Angel! -

Euskal Herrian, 2005eko azaroan

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

9.- EPPKren gutuna, Nazio Eztabaidagunean (2005, urriak 8)

«Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren izenean agurrik beroena, gaur, Zarautzen, Eztabaidarako bildu zareten guztioi. Herritargo zabala ordezkatuz, gure herriaren egoera aztertu eta nazio eraikuntzaren nondik norakoak zehaztu nahi dituena, egun garrantzitsua da, halabeharrez. Hori dela eta, espetxe harresiak gaindituz, guk ere Zarautzera hurbildu eta barroteen arteko herriaren ahotsa ekarri nahi izan dugu.

Diagnostiko labur bat egitekotan, ezin dugu inolaz ere kontent egon gure nazio erakundetze mailarekin, xumea eta osatu gabea baita, zatitua, eta gure herri identitatearen zatikatzailea. Herri eta nazioa bagara, ordea, eta horregatik biltzen gara hemen, fisikoki batzuk, bihotz eta gogoz besteok, mundu zabaleko nazio parlamentu guztiek egiten dutena egiteko: herrigintza, naziogintza.Nazio erakundeen ukatea arras inportantea izanik, arras inportanteagoa da nazio moduan aritzeko borondatea izatea. Eta halakoa badugulako bildu gara gaurkoan Zarautzen. Herri bezala, nazio bezala, aritzeko gibelasmoak garamatza bai gaurkoa bai eta ondorengo urratsak ere ematera, Euskal Herri askearen zutoinak eraikitze bidean.Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, hau da, barroteen artean gaituzten herritargo zati honek, ez du zatia izan nahi, euskal herritargo bakuna baizik. Euskal Herriaren askapen prozesuan borrokari atxiki bezala, nazio eraikuntzari, hau da, naziogintzaren auzolanari ere, atxiki nahi zaio. Hortaz, gure espetxe errealitatetik abiatuta, dagokigun ahalegina egiteko konpromezua berresten dugu batzarkide guztion aurrean.Era berean, Nazio Eztabaidatik zehaztu zen bigarren ardatzean, gatazka politiko eta armatuaren gainditzeko ahaleginean, orain arte bezalako urratsak ematen segitzeko gogo eta erabakiortasuna adierazten dugu, lurraldetasun eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen aitortzan oinarriturik.Egungo espetxe politikak, alta, ez du laguntzen gure Kolektiboaren parte hartzea euskal eztabaida eta erabaki guneetan. Oraindik ere gerra estrategia bati erantzuten diolako espetxe politika honek, dispertsioa eta isolatze politikoa oinarri hartzen dituelarik. Hamarkadetan zehar gure Kolektiboaren erreferentzia, borroka eta duintasun erreferentzia alegia, deuseztatzen saiatu eta gero, inoiz baino harresi altuagoa altxatu nahi dute gure herriaren kartzelari diren bi gobernuek. Ongi asko dakite zertan ari diren, euskal preso politikook euskal eszena politikotik at kokatu nahi gaituztela. Azken batean espetxe errealitate gordinetik ere gai bagara indarrak metatu eta antolatzeko nazio eraikuntzaren bidean, inortxok izango baitu aitzakiarik modu berean ez jokatzeko. Estatu arrotzek inposaturiko errealitate instituzionalak ezin duela gure naziogintza zedarritu agerian geratzen delako. Bestalde, Kolektiboaren indarra nazio auzolanean biltzeko gai bagara, ez dugu dudarik oraindik ere gerra estrategian datzan espetxe politika ahultzen joango dela eta, ondorioz, berandu baino lehen, espetxe politika ere konponbide demokratikoaren klabean berkokatu beharko dutela. Eskerrak ematen dizkizuegu batzarkide guztioi gure ordezkaritza present egon dadin egiten duzuen apostuarengatik. Eskerrak ere jada osatu den Mahaiari gure ahotsa entzunarazteko jarri duen grinagatik. Deialdia egiten dizuegu batzarkide guztioi, alabaina, ahalegin horretan tematzeko, Kolektiboaren parte hartzea bete eta emankorra izan dadin presiobideak indartuz, eta espetxe harresien gainetik, gobernuen borondate eskasiaren gainetik, gure Kolektiboa ere gogoan hartzen duten errealitateak sortzeko, urrats praktikoak emanez.Nazio Eztabaida on izan eta ia zazpirehun gizon eta emakume preso politikoon hauspoa jaso ezazue, Euskal Herriak merezi du eta!».

Anabel Egues, Juan Lorenzo Lasa, Argi Perurena eta Daniel Dergi

8.-  EPPKren agiria: "Patxi Zabaleta, pertsona non grata"

Prentsa adierazpen honen bitartez Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Euskal Herriari jakinarazten dio: Patxi Zabaleta, Aralar alderdiko kide eta eleduna, «Persona non grata» izendatzen duela.

Patxi Zabaletak, etsaiaren estilo liburuko jukutria zikin eta doilor berdinak erabiliz, Ezker Abertzaleari min egiteko asmotan Puertoko espetxean bahiturik dauden sei euskal preso politikok idatziriko gutun pribatua filtratu zuen Nafarroako egunkari batera. Honela onartu du harro azken hilabeteotan. Kolektiboaren lepotik joko zikina eta politikakeria egitea da hori, eta oso urrun dago berak ahoa bete lerde hainbeste errepikatzen duen «politikagintza» eta «herrigintzatik».

Eginikoa larritzat jotzen dugulako, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Patxi Zabaleta «Persona non grata» izendatu du eta berarekiko edozein harreman edukitzeari uko egiten diogu. Bide batez oharpen argia egin nahi diegu gurekin, edo gure egoeraren baldintzekin, jolastu edota soldata irabazi nahi duten politikari profesional eta kazetari-polizialei. Ez dugu horrelakorik onartuko. -

Euskal Herrian, 2005eko maiatzean



7.-
EPPKren agiria: Ongi etorri Euskal Herrira, emakume martxa!

Brasilen abiatu eta Burkina Fason amaiera izango duen Emakumeon Martxa badator Euskal Herrira. Ongi etorri, izan ere, euskal emakume preso politikoon izenean. Ongi etorri, euskal preso politikoon Kolektibo osoa- ren izenean. Gure agurrik beroena euskal erreleboari, euskal erreleboan parte hartzera zoazten emakume guztiei.

Agur eta ohore munduan barrena zapalduak izan eta borrokari eusten dioten emakumeei, hau da, emakume borrokalariei. Askapen borroketan ere emakumeok toki propioa baitugu. Bestela, ez gaitu inortxok ere askatuko. Alta, geure burua askatuz, gure herri eta gizarteen askapen bidean urrats erabakigarria egingo du- gu. Zutik, emakumeok!

Herri bezala hanka azpian hartzen gaituzten estatu ukatzaileen aurka egiten dugu borroka, eta horregatik gaituzte espetxeratu. Estatuok ezarri eta gurea ez den eredu politiko-soziala eraldatu nahi dugulako egiten dugu borroka. Herri, nazio eta gizarte berri bat eraiki nahi dugulako, alegia. Askea, gizon-emakume askez osatua, justizia sozialean errotua eta sexuen arteko harreman parekideetan oinarrituta. Halako Euskal Herria nahi dugu eta, euskal emakume preso politikook eusten diogu gure borroka-tokiari, bai eta askapen prozesuan ere.

Sistema liberalak eta patriarkalak kate motzean lotzen gaitu guztiok. Are motzagoan, ordea, emakumeok. Gure osasun eta integritate eskubideak, eskubide politiko eta zibilak, ekonomikoak, erreproduktiboak, sexualak…, horiek guztiak ditugu urraturik. Eta horretaz jabetu beharra daukagu, egoerari aurre egingo badiogu. Eskubideon urra- ketaz jabetu eta geure indarrari bidea eman behar diogu, aktibatu, behar bezalako tresnak eskuartean harturik.

Kigaliko topaketa gogoan, Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Karta ezinbestekoa da, beraz. Berau izango baita gure eskubideen aldeko borrokan erreferente nagusia. Hortaz, gure Kolektiboak begi onez ikusten du Euskal Plataformaren dinamika. Eta ohar honen bidez, Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Karta osatze aldera ekarpen propioa bideratzeko konpromisoa hartzen dugu euskal emakume preso politikook.

Batetik, euskal gatazka eta guk jasaten dugun espetxe egoera izango dira gure ekarpenaren ardatzetakoak. Bestetik, emakume orok urraturik ditugun eskubide guztiak. Horren kariaz deialdia egiten diogu euskal emakume orori eskubideen Karta osatzen parte hartzeko, benetan herrikoia eta emakumekoia izan dadin. Deialdia, halaber, euskal erreleboa indar dezagun, egun hauetako ekimenetan parte hartuz. Eta deialdia, azkenik, borrokakide ditugun gizon guztiei ikus- pegi feminista askapen prozesuan txertatzeko, ardura eta adorez. Hala izan bedi! -

Euskal Herria, 2005 maiatzean


6.- EPPKren agiria, gose grebaren amaiera dela-eta (2005, martxoak 27)

Bart, gaueko 24,00-etan, amaiera eman diogu hamabi egunez mantendu dugun gose grebari. Gobernuek ezartzen diguten bakartze politikoaren kontra eta gure estatus politikoaren alde borrokan segituko dugu, ordea.

Urtarrileko planto orokorraz, itxialdiez eta amaitu berri dugun gose grebaz borrokaldi bat bete dugu. Hiru hilabete hauetan bi gauza geratu dira agerian: soilik gure eskubide guzti-guztiak biltzen dituen estatus politikoa aplikatuz emango zaiola amaiera dispertsioari, bata; eta euskal preso politikoen egoera bideratu gabe, ez dela gatazkaren konponbide demokratikorik izango, bestea.

Euskal Herriak bizitzen duen gatazkaren jatorria politikoa da, gure herriaren izatearen ukazioan eta eskubideen urraketan baitatza. Kari horregatik, presoon jatorria ere politikoa da, gatazkaren ondoriozkoak baizik ez baikara.

Izan ere, bakartze politikoa amaitu eta gure estatus politikoa aplikatzea lortu behar dugu, Euskal Herriak apartheid egoera amaitu eta estatus demokratikoa lortu behar duen legez, inoiz gatazka gaindituko bada. Horretan tematzen gara gu, egungo espetxe egoera ankerrari aurre eginez. Borrokaldi bat osatu berri dugun heinean, borrokaldi berri bati ekingo diogu apiriletik goiti. Helburu bera mantenduko dugu: estatus politikoa aplikatuz, euskal preso politiko guztiok Euskal Herrira eramatea.

Borrokaldi iraunkorra izanik, borroka moldea ere iraunkortasunari atxikiko zaio. Hau da, hilabeteroko azken ostiralean, elkarretaratzeak egingo dira espetxe guztietan, Euskal Herriko plaza guztietan jada egiten direnekin bat etorriz. Horrela mantenduko dugu gure eskubide guzti-guztien aldeko borrokaren sugarra pizturik eta, hala behar izanez gero, hauspotu eta biziagotuko dugu eragingarri izate aldera.

Azkenik, Aberri Eguna dela eta, hots, Herri Eguna, Nazio Eguna beharbada, Euskal Herriaren aldeko konpromisoa berresten dugu: ez dugu etsiko. Deialdia egiten diogu euskal jendarteari naziogintzan ahalegin berrindartuak egiteko. Goiari eutsi! -

Euskal Herria 2005

Aberri Egunean


5.-
EPPKren agiria, gose greba hasi dutela-eta (2005, martxoak 15)

«Ohar honen bitartez, gaur, martxoaren 15ean, euskal preso politikook gose greba bati ekin diogula jakinarazten dugu, urtarril hasieran, gure estatus politikoaren aldeko dinamika iraunkor bati ekin genion bezala. Bere baitan, plantoak, itxialdiak eta propaganda ekimenak burutu ditugu hilabeteotan. Gobernuen aldetik, alta, jarrera zigortzailea besterik ez dugu antzeman, diziplina expedienteak ireki eta gure komunikazioak zein bestelako eskubideak galarazi dizkigutelarik.

Beste urrats bat egiten dugu, beraz, gose greba mugagabe honekin. Berresten dugu gure prestutasuna borroka dinamika iraunkorrari atxikitzeko, harik eta gure eskubide guzti-guztiak, gure estatus politikoa, indarrean jarriak ez diren arte. Horrelaxe baizik, ez baititugu bizi-baldintza duinak gureganatuko. Horrelaxe baizik, ez baitugu hartuko euskal prozesu politikoan dagokigun espazio naturala.Izan ere, deialdia luzatzen diegu Espainia eta Frantziako gobernuei euskal preso politikook Euskal Herrira gaitzaten eta gure eskubide guztiak errespeta ditzaten. Deialdia, halaber, beren espetxe politikak euskal gatazkaren konponbiderako klabean jar ditzaten, eta gure Kolektiboari ezartzen dioten bahitu jitea albora dezaten. Deialdia, azkenik, gure Kolektiboaren ahots eta ordezkaritza bakarra den mintzaidetzarekin harreman zuzenekoetan jartzeko, baldin eta espetxe politika eta egoerari irauli bat eman eta isolamendu politikoarekin amaituko badugu.Alabaina, Juan Lorenzo Lasak, Anabel Egüesek, Daniel Dergik eta Argi Perurenak baduten Kolektibo osoaren aitormena berresten dugu. Hutsalean ibiliko dira, bestalde, gure mintzaide ez diren kideekin, eta gure mintzaideen zeregin ez direnetan, maltzur eta nahasle aritu nahi duen oro. Hobe bide horretatik ez abiatzea ere, gure Kolektiboak ez baitu amore emango Euskal Herriaren aldeko borrokan, ez eta gure estatus politikoaren aldekoan ere.Gure eskubide guztien aldeko borroka dela eta, eskerrik beroenak ematen dizkiogu herri mobilizazioetan parte hartzen ari den orori, sostengu herritar eta zabala badelako bermerik hoberena aurrerapausoak ematen segitzeko. Deialdia egiten diogu herritargoari presoon aldeko dinamika indarberritzeko, gu geu ari garen heinean. Lortuko dugu!

Jo eta ke irabazi arte!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!»  

4.- Argi Perurena, EPPKren mintzakidea (2005, martxoak 8)

Parisko Fleury Merogisko espetxean dute Argi Perurena. Konponbidea Sustatzeko Batzordeak Oinarrizko Hitzarmena aurkeztu aurretik erantzun zien idatziz pasatutako galderei.

Urte hasieratik daramazuen borrokaren arrazoiak azal al ditzakezu?

Borroka ekimen iraunkor bati ekin diogu isolamendu politikoaren aurka eta estatus politikoaren alde. Goiburu horren baitan ulertu behar da Euskal Herriak duela hitza, euskal presook badugula hitza, eta Euskal Herrian behar dugula egon, inoiz Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari irtenbide politikorik eman nahi bazaio.

Isolamendu politikoari ez diogunean, diogu euskal preso politikoak gatazkaren ondorio bagarela eta aintzat hartu behar gaituztela, gure eragiletza kontuan hartu. Gakoa, beraz, Estatus Politikoaren aitortzan dago, hots, oinarrizko eskubideen eta eskubide politikoen errespetuan.

Oinarrizko eskubideak errespetatzeak erran nahi du amaitu behar direla torturak eta amaitu ere tratu krudelak, jipoiak, isolamendua eta bakartasuna. Erran nahi du larriki gaixo dauzkagun burkideek aske behar dutela egon haien osasun egoera gehiago makurtu gabe. Komunikaziorako eskubidea errespetatzea eta interbentzioak amaitzea erran nahi du, hala nola ikasketak jarraitzeko aukera bermatzea, eta euskaraz bizitzeko eskubidea onartzea.

Aitortu gabeko eskubide politikoen zerrenda luzea da ere: elkartzeko eskubidea, antolatzeko eskubidea, Kolektiboaren Mintzaidetzaren ezagupena eta Kolektibo bezala gainerako eragile sozio-politikoekin harremantzeko eskubidea, hala nola Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) euskal eztabaidan eta erabaki guneetan parte hartzeko aukera izatea.Eskubide hauek guztiak zanpatuak dira gaur egun, horregatik lotu gatzaizkio borrokaldi berri honi.

Zuen borrokaldiaren orain arteko balantzearen alde positiboak eta negatiboak aipatuko al zenituzke?

Azpimarratzekoa da beste behin EPPK-k erakutsi duela, eta erakusten ari dela, bere grina eta izaera, traba guztiak gaindituz antolatu eta bidegabekeriei aurre egiteko duen gaitasuna, Gatazkaren Konponbidean eragile izateko gogoa. Sakabanaketa eta errepresio ororen gainetik, bat eginik. Baikorra ere herrietan burutzen ari diren ekimenak.

Alde negatiboan kokatu behar da borrokaldira bultzatu gaituzten arrazoiek bere horretan darraiela, hain oinarrizkoak diren eskubideak erabat zanpaturik eta hauen aldarrikatzeagatik zigortuak izatea. Hots, gure ahots eta ekimena isilarazi nahi lituzkete, bai baitakite, jakin, bide onean aurrera ari garela.

Protestaldia egiteagatik jaso al duzue zigorrik, zein baldintzatan egiten ari zarete protestaldia?

Gobernuak oldarraldi errepresibo erraldoia saiatzen ari dira abertzale ororen kontra, bai kanpoan, eta noski, baita espetxeetan ere.

Gure dinamika apaldu nahi izan dute zigorrak aplikatuz, dela komunikazioak kenduz, dela diru jasoera ukatuz, dela mitarrekin zigortuz nola isolamenduarekin... Espetxeek, hots, Gobernuek, amarru guztiak baliatu dituzte beti Kolektiboa zanpatzen saiatzeko. Ahalegin guztiak egin dituzte horretan eta egingo ere, euskal preso politikook, borrokan, bizirik eta sendo jarraitzen dugun heinean.Zein baldintzatan egiten ari garen? Baldintzak ezberdinak dira estatu eta espetxe ezberdinetan. Alabaina, txalotzekoa da zenbait kidek, bakartasun osoan egonik, urteetan isolamendua ezagutuz edota aitzineko borroketako ondorio eta zamarekin bizkarrean, daramatela borrokaldia aurrera.

Izan al da diferentziarik Frantziako eta Espainiako espetxeetako funtzionario eta arduradunen aldetik?

Ezberdintasunak egon badaude, espetxe sistema ezberdinak eta araudi ezberdinak dituzten aldetik. Itxialdia adibidetzat hartuz, ziegatik ateratzea derrigorrezkoa da espainiar estatuko espetxeetan eta ondorioz desobedientzia moduan kontsideratzen du espetxe administrazioak. Frantses estatuko kartzeletan, aldiz, araudiak ziegan gelditzeko aukera baimentzen dio presoari. Hortaz, borrokamolde berdina baliatuz, guztion esfortzu eta konpromisoa oinarrian berdintsua izanagatik ere, ezberdin kontsideratua da estatu bietan, eta ezberdin zigortua ere.

Hori da funtsezko ezberdintasuna. Honez gain, eskutik ederki dabiltza Gobernu lagun biak. Sakabanaketa, komunikazioan murrizketak, bakartasuna, isolamendua, torturatuak izateko kideen entregak... dira, batean zein bestean, guretzat egunero ogi, eta parekideak dira zanpaketan tematzen direnean, bereziki, kartzeletan bakar-bakarrik dituzten burkideak zigortuz. Kartzelariaren jantzi koloreak funtsean ez du axola, uniformedunak dira guztiak.

Ba al dakizu zuen artean protestaldia nolako arrakasta lortzen ari den?

725 kide, 6 estatu, 84 espetxe eta 200dik gora bloketan banatuak... hau da errealitate triste bezain gordina, Gatazkaren Konponbidearen ildoan hausnarketak eta ekarpenak egiten, Euskal Herrian elkarbaturik egon behar lukeen Kolektiboarentzat. Erabat sakabanaturik gaituzte eta bestalde, borroka dinamika iraunkor hau hasi berria izanagatik, goizegi da edonolako arrakastaz hitz egiteko.

Hori bai, gogoeta kolektiboan txertatzen den borrokaldia da honakoa, gogor eta gogoz abiatu duguna, espetxean bizi dugun egoerari buelta emateko ez ezik, garrantzitsua delarik oso, presoon tokia definitzen duelako euskal prozesu politikoan.

Noiz arte protestaldi mota honekin?

Galdera bestela pausatu behar litzateke, hots, noiz arte zangotrabatuko dizkigute euskal preso politikooi, oinarri-oinarrizko eskubideak eta eskubide politikoak? Noiz arte jarraituko dute, ahoa bete hortz demokraziaz, eskubideez mintzo diren politikari eta jaunttoek iruzur egiten? Borrokaldia, mobilizazio dinamika iraunkor gisa plazaratu genuen abiatzerakoan, kokoteraino egoteko arrazoi aski eta sobera ditugu, eta zalantzarik gabe borrokaldian urrats berriak eman eta indartzeko prestutasun osoa daukagu ere. Espetxe egoera aldatzen ez bada, gure borrokaldia gogortuko dugu.

Badirudi Iñaki de Juanarekin egindakoa errepikatzeko asmotan dabiltzala Espainiako agintariak. Zein eragina izan du horrek presoengan?

Asmakizun berri honek ez gintuzke harritu behar, eta konsziente gara norberaren askatasuna ez dela erabatekoa izango Herriak preso irauten badu. Makinaria errepresibo erraldoia aspaldi jarri zuten martxan gobernuek: 3/4ak beteak dituzten presokideek bahiturik jarraitzen dute, kale borrokagatik zigorrak basakeria hutsa dira, kartzelaldia 40 urtera handitzea, zenbait kide inkulpazio beragatik bi alditan auzipetzea, gaixorik aske gelditutakoak berriz presondegiratuak, espetxealdia laburtzen zuten erredentzioak errotik ezabatuak, eta norbaitentzat aski estua ez balitz, horra orain erredentzio espediente guztiak birbegiratzeko sortu duten batzorde lotsagarria: Auzitegi Nazionala, Informazio Komisaldegi Orokorra, kartzelariak...

Nola hartzen dugun presook? Ezin uka, presoak, pertsona garela. Herriarenganako maitasunak gaitu askatasunaren alde borrokatzera eraman, eta pertsona garelako, maitatzen dugun bezala amesten dugu ere, eta sufritzen. Amarru berri honek ez gaitu harritu, aberrazio juridiko-politiko bat da, eta oroz gainetik eskandaluzkoa, haien burua giza eskubideen defendatzailetzat daukaten euskal politikari, elkarte zein instituzioek antzezten duten itsumena.

Indartsu al dago Kolektiboa?

Erran bezala, Kolektiboak azken urteotan dinamika bizia darama. Abiatuz 2001 urteko eztabaida orokor horretatik, Donostiako Belodromoan euskal jendarteari eztabaidaren ondorioak plazaratuz jarraian, iazko udaberrian Miramar Jauregian egin zen Nazioarteko Konferentzian ponentzia bat mahaigaineratuz, Mintzaidetza berraktibatuz, estatus politikoa definitu eta honen aldeko borrokaldia abiatuz oraingoan, aitzin urratsak egin ditu EPPK-k euskal antzeztoki politikoan nabarmenduz.

Nola ikusten du Kolektiboak egoera politikoa?

Une garrantzitsua bizi dugu, historikoa ere. Ezker Abertzalearen azken urteotako urrats eta saiakerak ez dira antzuak izan gaurko honetara iristeko. Egun, konponbide demokratikoaren aukera gero eta indar handiago hartzen ari da gizartean nola eragileen artean, beti ere autodeterminazio eskubidea ardatz, Herri Galdeketa oinarri. Gobernuak ere birkokatzen ari dira edonolako antzeztokira begira.

Ziklo politiko berri baten atarian gara. Gatazkaren konponbiderako klabeak mahai gainean ditugu eta arduraz jokatzeko garaia da, Euskal Herria beste 30 urte luzez zanpaketara eta borrokara, hots, sufrimendura zigortu gabe. Autonomia zaharra berritzetik ez da konponbiderik etorriko, autonomia bezalako sasi-irtenbideak baztertzeko sasoia da, iritsi da Herriak hitza hartzeko ordua.

Eragile politiko zareten aldetik, nola eragin dezakezue egoera horretan?

EPPK ezin da isolaturik utzi. Euskal presoak gatazkaren ondorio garen heinean, beraren konponbidearen parte ere behar dugu izan. Ildo honetan txertatzen da hasi dugun borrokaldia eta horrela ulertu beharra dago Nazio eztabaidagunearen baitan hartutako konpromisoa. Konkretuki Konponbidea Sustatzeko Batzordeari begira jardun dugu, iazko azaroan EPPK-k bere ekarpena helarazi diolarik, gaineratiko eragile sozio-politiko edo sindikalek bezalaxe.

Zein izan da zuen ekarpena?

Ekarpen honek hiru atal dauzka. Lehenik, berresten dugu Euskal Herriaren eskubideak ukatzen dituztela Frantziak eta Espainiak, eta ukapen horretatik datorrela mendeetan irauten duen gatazka politiko eta armatua; Euskal Herriaren alde lan eta borroka egiteagatik espetxeratuak izan garela euskal herritarrak, eta jatorri eta izaera politikoa dugun heinean, EPPK osatzen dugula, gure parte hartzea euskal prozesu politikoan bideratzeko tresna ere badelarik.

Bigarren atal batean Konponbideaz ari da EPPKren ekarpena, mahaigaineratuz euskal gatazkak baduela konponbide demokratikoa, Nazio eraikuntzan urrats sendoak eman eta herriaren eskubideak errespetatzetik etorriko den konponbidea, Autodeterminazioa giltzarri. Diogu ere euskal preso eta iheslari politikoon egoerak bideratzetik aukera berriak sortuko direla gatazkaren konponketari begira. Eta finean, Amnistia Osoa ondorioztatuko dela, ezinbestela, gatazkaren gainditze bidean.Hirugarren atalean diogu Euskal herritar ororen eskubide zibil eta politiko bertsuen jabe izan behar dugula, eta preso egon bitartean, gure parte hartzea bermatuko duen estatus politikoa aitortu behar zaigula. Hots, eskubide oinarrizkoenak eta eskubide politikoak biltzen dituen Estatus Politikoa.

Gatazkaren balizko konponbidea askoren ahotan dabil, espetxetik nola bultza dezakezue irtenbideak egin dezan aurrera?

Batetik, estatus politikoaren aldarrikapena, Euskal Presoak Euskal Herriratzea, euskal eragile orok bereganatu eta sustatu beharreko urratsak dira. Presook borrokaldia abiatu dugu ildo horretan.

Bestetik, arestian esan bezala, Konponbidea Sustatzeko Batzordearekin elkarlana egiteko aukera izan du EPPK-k, batzordekideek kartzelara egindako bisiten markoan. Elkarlan honen karira erabaki du Kolektiboak, Gaztakaren Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa onestea eta sustatzea.

Prestutasunik ikusten al diezu gainerako eragileei?

Gainerako eragileak jakitun dira bizi dugun uneaz eta pixkanaka kokatuz doaz. Badaude prestutasunik ez duten eragileak, arduragabekeria politiko izugarriaz jokatzen dutenak.

Beti bezala, gurdia martxan jarri eta bultzada eman, batzuek eginen dute, besteak zelatan dauden bitartean. Garrantzitsuena da, aldiz, gurdiak tokia duela denentzat, eta denek behar dutela barnean egon. Gurdian sartzeko txartela konpromiso, prestutasun eta zintzotasunarekin erosten da, eta horretarako jakin behar da norberaren interes partidistak atzean uzten.

Ba al duzue kanpoko eragileekin komunikaziorik?

Une honetan, Nazio Eztabaidagunearen baitan Konponbidea Sustatzeko Batzordearekin dugu zuzeneko hartu emana. Eragile sindikal, sozial eta politikoekin komunikaziobideak ez dira zuzenekoak, oraingoz, nahiz Kolektiboak ateak zabalik utzi zuen, bere mintzaideak ezagutarazi zituen une berean. Hortaz, gomita berresten dugu eta gomita berezia luzatzen diegu Gobernu biei, mintzakidetzarekin hitz egiteko urratsa eman dezaten, Frantziakoak Daniel [Dergi] eta biokin bezala, Espainiakoak Anabel [Egues] eta Txikierdirekin.

1997an lehenengoz espetxeratua, 1999an bigarrenez, eta geroztik kartzelan zara. Aurrera ala atzera goaz?

1997an 70 kide inguru gintuzten preso frantses estatuko 12 bat kartzelatan. Egun 153 burkide gaude 32 kartzeletan. Zenbakiak biderkatu dira, sakabanaketa areagotu, bakartasuna eta isolamendua ere, argi da hortaz errepresioaren politikak aurrera egin duela. Horren pare, EPPK-k aurrera egiten jakin duela argi gelditu da azken urteotan. Beste konstatazio bat da kartzelak gaztez betetzen ari direla, azken urteotako errepresiorik gordinena pairatzen duelako Herriak. Gazte belaunaldi berrien Herriarenganako konpromisoa agerian gelditu da.

Azken konstatazio bat da bizibaldintzak oro har nabarmen okertu direla eta horien aurrean politikari eta instituzioek erakusten duten talantea iruzur egilerik alprojarenaren parekoa dela. Alta, gure burkideak tortura eta tratu txarrik krudelenak jasaten dituzte komisaldegietan, inor aztoratu gabe, inor zigortu gabe. Telebistan dokumentalak ematen dituzte zoologiko eta zirkoetako animali zaharrentzat sortutako parkeen inguruan. Inon ez da aipatzen, ordea, jendea duintasunezko traturik gabe zahartzen eta hiltzen dela presondegietan. Kroma, Marinelarena... hainbat kide hil zaizkigu espetxe atarian eta hor darraie kideek, Rego, Arregi eta Barandalla tartean, egunerokoan haien gaixotasun larriari eusten.

Martxoak 8: zer esango zenukete emakumezko preso politikook?

Emakumeon eskubideen aldeko borroka gogoan, emakume borrokalariak bihotzean, lehenik musu goxo bana gure amatxo guzti-guztiei. Herri borrokaren ardatz nagusiak justizia, askatasuna, maitasuna eta elkartasuna izanik, besarkada bero-beroena helaraztearekin batera goraipatu nahi genituzke herri zapalduetako emakume iraultzaileak: Maiatzako Plazako amak, gose greban hildako amatxo palestinarra, Turkian Heriotzaren Gose-Greban bizia utzi dutenak, Moskuko Dubrovka antzeztokian erail zituzten txetxeniar emakume gudariak... Besarkadarik iraultzaileena emakumeon eskubideen alde borrokan darraien gizon eta emakumeei.

Bestalde, erran ere Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta osatzera doala eta, Kolektiboak baduela asmorik bere ekarria bideratzeko. Maila berean, dei bat egiten diegu gainerako eragileei emakumezko presoen eskubideak ere Kartan jasotzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legebiltzarrerako hauteskundeak dira apirilaren17an. Nola baloratzen ditu Kolektiboak?

Agerikoa da, berriz ere, demokraziarik gabeko hauteskundeak izanen direla herritarrontzat. Bestalde, Ibarretxe jaunak data aurreratu duen bezala atzeratu ere egin zezakeen. Ibarretxek Herriarentzat «konponbide» eta planak ditu aipagai, beti herria hizpide, finean soil-soilik bere etxea ari delarik eraikitzen.

3.- «Herrien espetxe-itunari ez!» 2005eko otsaila


Aukera berri bat daukagu euskal herritarrok herri moduan azaltzeko, hain justu gure identitatea ukatzen duen Europako Konstituzio Itunaren aurrean. Aukera paregabea, halaber, justizia sozialean sinisten duen herri moduan jokatzeko, justuxe kapitalismoa oinarri hartzen duen Europako Konstituzio Itunaren aurrean.

Euskal Herria preso hartzen duten estatuen Europako Konstituzio Itunari ez!, esango diogu euskal preso politikook, eta gure herriaren eskubide sozialak ukatzen dituenari ere ez! Ezezkoa emango diogu Europako Konstituzio Itunari, beraz, Aturri eta Ebro ibaien artean herri jator bat badagoela goraipatuz. Europar jatorri bakarrenetakoa: Euskal Herria, alegia. Besteek ukatzen duten autodeterminazio eskubidea berezko duen herri maitagarria.

Mende luzeetan barna arau eta legedi arrotzen kontra matxinatu dira benetako euskaldunak. Frantziar eta espainiar konstituzioen kontra matxinatu garelako gaituzte gu ere gatibu inperio handi-mandien ziega likitsetan. Euskal herritarrok bagara Europako bihotza, ondare historikoa, eta ez dugu joko arau arrotz, gurearen ukatzaile eta jendartearen zapaltzailerik onartuko.

Alta, gure espetxe egoeraren jatorrian badago borroka hautu bat, hau da: euskal prozesu konstituziogile zintzo baten aldeko hautua. Zinez sinesten dugulako Europa egiteko bide bakarra Euskal Herriaren berreraikuntzatik pasatzen dela. Horixe besterik ez da gure apustua, aldez edo moldez euskal nazio subjektuaren alde lan eta borroka egiten dugun herritarrona: euskal estatu independente eta sozialistaren konstituzioa. Horri bai, jakina!

Errealitate horretatik abiatuta, Europa berri bat eraikitzeko prest gaude, herri libre guztiekin batera, emakume eta gizon libre guztiekin elkarlanean, europar jatorria duen eta ez duen ororen ondoan.

Ozen salatzen dugu, bestalde, gure herriari hamaika aldiz bizkarra ematen dion alderdi jeltzalea. Gainerako indar abertzale eta ezkertiarrek Europako Konstituzio Itunaren kontra egin bitartean, beraiek indar espainiarrekin eta kapitalismozaleekin bat egiten dutelako, arestian esan bezala, gure herria ukatzen duen Konstituzio Itun bat indartzeko.

Euskal Herrian bertan, nazio subjektua zatikatu eta ezker abertzalearen kontrako ol- darraldi errepresiboa legitimatzen duen au- tonomiari eutsi eta, Europan, gure herria ukatzen duen Konstituzio Ituna onetsi egiten dute jeltzaleek. Hamaika aldiz traizioa gure herriari, besaulki instituzionalak gordetzearren. Aski da!

Europako Konstituzio Itunak gure eskubideak ukatzeaz gain, baliabide errepresiboak zorrozten ditu nabarmen. Horren ondorio berehalakoa Frantzia eta Espainiako espetxeek euskal herritarrez bete eta betetzen segituko dutela delarik. Ez dator Konstituzio Ituna gurea bezalako gatazka politikoa gainditzen laguntzera, sakontzera baizik.

Gogorarazten dugu, alabaina, gure estatus politikoaren alde dihardugula borrokan espetxe guztietan eta, ondorioz, gobernu biek pasa- tzen diguten zigor-ordaina larrutik kitatzen. Oro har, komunikazioak eten dizkigute eta isolamendua areagotu. Zenbaitetan bazkaria ere ukatu egin digute. Koldarrak, halakoak! Ja-kin bezate eutsi egingo diogula eta hala behar izanez gero haratago eramango dugula borrokaldia.

Azkenik, goraipatzen dugu asteotan Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaitzen ari diren euskal gazteen jarrera duin eta ereduzkoa, errebeldea. Doakiela gure Kolektibo osoaren babesa. Zuzenbideari iruzur egiten dion sasi prozesu judizial hori guztiz salagarria da. Arrotza, gainera. Eta berau babestu eta jarrera epel batetik segitzen duten horiek guztiek jakin beharko luke- te herri oso baten kontrako saio errepresiboa dela, gobernuek oso argi ikusi dutelako gazte indarrez egingo duela aurrera Euskal Herriak. Biba zuek! -

Euskal Herria, 2005eko otsaila

2.- «Oihane gogoan, Euskal Herriari eutsi!» 2005 urtarrila

Joan den aste- lehenean, urtarrilaren 3an, euskal preso politiko guztiok planto orokorra egin genuen Frantziako, Espainiako eta mundu zabaleko espetxeetan. Hamar minutuz, uko egin genion gure ziegetara itzultzeko aginduari. Espetxe diziplina hautsi genuen gatibu hartzen gaituzten gertuko zein urruneko espetxeetan.
Ekintza bateratu honen bitartez, gure Kolektiboak borroka dinamika iraunkor bati ekin dio. Sakabanaketaren kontrako borrokan beste aro bat abiatu du. «Nahikoa da!», ozen esateko tenorea iritsi da. Amaitu berri den urtean, Oihane Errazkin eta Kepa Miner kide eredugarriak galdu ditugu. Lehen, beste hamazazpi presokide gehiago galdu genituen. Eta gure senide edo lagun maiteen ar-tean ere hamasei gal-du ditugu aurtengoak gehituz gero, Leo eta Karmele. Agur eta ohore guztiei!
Luze eta ilunegia da heriotza zerrenda, beraz. Ez da laburragoa, hala ere, gure gainerako eskubideen urraketena: gure osasuna hondatzeko plangintza, zenbait kideren biziarekin akabatzerainokoa; isolamenduaren eta torturen areagotzea; komunikazioen murriztapen eta zangotrabak; euskaraz bizitzeko eragozpena; edota hezkuntza librea jasotzeko debekua.
Espetxe egoera zinez ankertu da azken urteotan. Parisko eta Madrilgo gobernuetan kolore bateko agintariak direla, kolore bestekoak direla, tematzen baitira gure Kolektiboaren kontrako politika errepresiboetan. Gure erresistentzia eta borroka grina bukatu nahi dute, horrela jatorri politikoa duen gatazka errazago desi-txuratuko dutelakoan. Baina gatazka ukatzeagatik ez da berau desagertzen, zazpiehundik gora euskal preso politikoren existentzia ukatzeagatik presook ere desagertzen ez garen hein berean.
Euskal Herria maite dugu. Euskal Herriaren alde lan eta borroka egin genuelako espetxeratu gintuzten. Gure herriaren askatasunaren alde egiten segitzen dugulako zanpatzen gaituzte; ukatu egiten gaituzte; gure eskubideak urratzen dituzte; eta isolamendu politikoa ezartzen digute. Kateatu eta makurrarazi ezinean da- biltzan borondate politikoa nahi dute preso, bai gure Kolektiboarena, bai gure herriarena.
Isolamendu politikoak are harresi altuagoa altxatu nahi du gure existentzia kolektiboaren eta Euskal Herriaren askapen prozesuaren artean. Bat garena zatitu nahi du. Soilik isolamendu politikoa saiatzeko mantentzen dute indarrean sakabanaketa, hamarkada eta erdi batez pairatu dugun espetxe politika kriminala, alegia. Oinarrizko eskubideak ez ezik, gure eskubide politikoak ere hanka azpian hartzen dituzte. Elkarrekin bildu, bizi, antolatu, hausnartu, ekarri euskal eztabaida politikora edo erabakitze prozesuetan parte hartzeko eskubideak, esaterako.
Euskal Herria bidegurutze batean dago. Esku zabaleko herritar eta borrokalari askoren ahalegin itzelari esker iritsi gara esparru politiko honetara. Herriak hitza ukan dezan aukera dago, baldin eta borrokari eutsi eta euskal herritar ororen eskubide guztiak aintzat hartuko dituen esparru berri baten alde indarra metatzen segitzen badugu. Euskal Herri osoaren autodeterminazio eskubidea: giltzarri. Euskal Herriak du hitza!
Askapen prozesuaren une honetan ere gure ekarria egin dugu euskal preso politikook, orain arte egin dugun grina bera dugula. Euskal Herriaren askatasuna dago jokoan: euskal preso politikook badugu hitza! Izan ere, isolamendu politikoarekin amaitu eta estatus politikoa aplikatuz gero eragingo dugu emankorren gatazkaren konponbide demokratiko baten alde, justizian eta autodeterminazio eskubidean oinarriturik.
Hona hemen, euskal presoak Euskal Herriratzearekin batera, gure estatus politikoa mamitzen duten eskubideak, modu banaezinean mamitu ere.
Tortura eta tratu krudelik ez: ez isolamendurik, ez jipoirik!
Osasun eskubidea: preso gaixo larrien kaleratzea.
Komunikazio eskubidea: ez interbentziorik, ez mugarik!
Hizkuntza eskubidea: euskaraz bizitzeko eskubidea.
Hezkuntza eskubidea: ikasteko zangotrabarik ez.
Euskal Herrian elkartzeko eskubidea.
Antolatzeko eskubidea.
Gure Mintzakidetzaren aitortza.
Beste eragilekin harremanetan izateko eskubidea.
Euskal eztabaida eta erabaki gune orotan parte hartzeko eskubidea.
ISOLAMENDU POLITIKOAREN KONTRA, ESTATUS POLITIKOAREN ALDE; EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!
Hauxe da abiatu berri dugun borrokaldiaren ardatz nagusia, beraz. Estatus politikoa lortze aldera, urtarrilaren 3ko planto orokorrari segida eman diogu itxialdi txandakatu baten bitartez. Lehen txanda atzo, urtarrilak 4, abiatu zen. Txanda bakoitza hamar egunekoa izanik, batetik bestera gero eta presokide gehiago bilduko dira itxialdira. Eta hala behar izanez gero, borroka molde eragingarriagoetara joko dugu dinamika iraunkor honen baitan.
Oihaneren irri gardena maite dugulako, berak gure Kolektiboa maitatu zuen modu berean, Euskal Herriari eutsiko diogu gaur eta bihar, atzo bezala! -
Euskal Herria, 2005eko urtarrila
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

1.-
Agur eta ohore, Karmele! 2004 abendua

Hemeretzi euskal presokidek eta hamasei lagun-senide maitek osatzen dute honez gero sakabanaketak eragindako heriotz-gurpila, zerrenda beltz baino beltzagoa. Heriotza horien zerrenda bezain luze eta iluna bada sakabanaketaren erantzuleena, ordea. Karmele Solaguren hil eta Jose Luis Gerra larriki zauritu egin dute euskal preso politikoon sakabanaketa bere horretan mantentzen duten orok. Sakabanaketa diseinatu zuten haiek. Martxan jarri zutenek. Hauspotu zutenek. Denbora luzean isilik egon direnek. Sakabanaketaren kontrako jarrera epela mantentzen dutenek. Eta gaur egun ere presoak eta beren senideak akabatuz, gatazka politikoaren iraupena bilatzen dutenek. Horiek guztiek hil dute gure kide Ekain Gerraren ama. Horiek guztiek gogor jipoitu dute gure kidearen aita. Ekain gure presokideari, eta Gerratar zein Solagurendarroi, helarazten dizuegu gure Kolektibo osoaren besarkada bero eta maitekorrena. Jaso ezazue euskal preso politiko guztion dolumin zinezkoena, euskal preso politikoon senitarteko osoari zabaltzen dioguna. Une latz hauetan ere zuen ondo-ondoan gaituzue, zuekin bat eginda. Ez dudarik izan, gainera, bat egitetik osatzen dugula inoiz garaituko ez duten adorea, indarra, maitasuna eta erabakigarritasuna.Gatazkaren konpondu beharra hitzetik hortzera dabil asko aspaldiotan. Gure Kolektiboak ere justizia eta euskal demokrazian oinarritutako konponbide baten alde egiten du. Euskal Herri osoaren autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen duen konponbide baten alde borrokatzen baitugu. Hortaz, begi onez ikusten dugu Ezker Abertzaleak Anoetan aurkeztu zuen proposamen politiko berritua. Bestalde, gu eta gure lagun-senideak jopuntuan jartzen gaituzten espetxe politika guztiak indargabetu ez artean, gatazkaren konponketak ez du biderik izango. Sakabanaketa indarrean mantendu artean, ez da konponbidearen atea irekiko. Alta, sakabanaketari amaiera emanez, presook Euskal Herrian bildu eta gure estatus politikoaren onespena aurre-baldintza ezin hobeagoa izango da edozein prozesu abiatu ordurako. Aski da!, ozen esateko tenorea iritsi da. Ez sakabanaketak eragindako heriotza bakar bat gehiago! Ez gure eskubideen urraketa bakar bat gehiago! Euskal preso politikoon hausnarketan eta gogoan bada errealitate tragiko honekin bukatzeko asmoa, kosta ahala kosta. Deialdia egiten diogu euskal eragile eta jendarteari Euskal Presoak Euskal Herrian bil gaitzaten indar egiteko. Gerra eta Solagurendar senitartekoak, gogoan zaituztegu.
Ez etsi! Goiari eutsi!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Euskal Herria, 2004 abendua
















 




 
 


  Gurekin harremanetan jartzeko : info@barrutik.org

  Debian GNU/Linux

 
 

Models, Models, Models! Free Modeling Portfolio! ModelCoast. Photographers! Free Photographic Portfolios. Imagegods. Visit The Best Free Image Hosting.